Pentsiodunek ozen zabaldu dituzte haien aldarriak Arrasateko kaleetan

Txomin Madina Milikua 2019ko eka. 17a, 20:51

Arrasateko pentsiodunek udako etenaren aurreko azken mobilizazioa egin dute gaur iluntzean. Asteleheneroko elkarretaratzearen partez, manifestazioa egin dute herriko kaleetan.

Azken bi urteetan astelehenetan egiten dabiltzan legez, gaur ere kalera atera dituzte haien eskariak Arrasateko pentsiodunek. Baina ikasturte honetako azken mobilizazioa izanik, elkarretaratzearen ordez manifestazioa egin dute. Hala, Herriko Plazan hasi eta bukatu den ibilbidean haien aldarrikapen nagusiak oihukatu dituzte; besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eta 2011an eta 2013an izandako murrizketak bertan behera uztea. Horiek aurrera eroateko dirua egon badagoen arren, borondatea falta dela salatu dute pentsiodunek

Herriko beste kolektiboei ere deia egina zuten gaurko manifestaziorako, eta mobilizazioan izan dira, esaterako, herriko mugimendu feministako kideak eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hainbat zinegotzi. Era berean, Arrasaten izan da baita ere Lan Sozialaren Kontseilu Orokorrak Euskadiko Pentsiodunen Mugimenduari emandako saria.

Udako etenaren ostean, irailean mobilizazioekin jarraituko dutela gaineratu dute pentsiodunek.

Arrasateko hainbat pentsiodun, Lan Sozialaren Kontseilu Orokorrak emandako sariarekin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak