Ekitaldia Maria Ubarretxena Arrasateko alkatearen agur hitzekin hasiko da eta, ondoren, erretiratuen elkarteko abesbatzaren emanaldia izango da. Jarraian, herriko emakume eta gizon nagusienei lore sorta bana oparituko diete, Maria Ubarretxena alkatearen eta Amaia Azpiazu Ongizate zinegotziaren eskutik. Amaitzeko, ekitaldira gerturatu diren adinekoek bazkaria egingo dute. Izena BAZen bulegoan eman daiteke ekainaren 17ra bitarte.
Iraganeko jaiak
Omenaldi hau dela eta, GOIENA Arrasateko Iturbideko adinekoen egoitzakoekin jarri da harremanetan eta gazte garaiko jaien inguruan dituzten oroitzapenez mintzatu dira. Batzuk festazaleagoak izan dira besteak baino, baina guztiek dituzte oroitzapen "politak". Erromeria eta eguneko giroa azpimarratzen dituzte eta orduko jaiak oraingoekin alderatuta "oso ezberdinak" direla ere badiote. Gehiengoak dio, gainera, ordukoak "hobeak" zirela, jende gehiago ibili ohi zela eta ondorioz "giro hobea" egon ohi zela.
Egun, Iturbide egoitzan bizi dira, baina osasunak laguntzen badie, behintzat, badute egunez San Juan jaietan bueltatxo bat emateko asmoa. Iturbiden, ordea, ordutegiak errespetatu beharra dauzkatela diote, barrezka.
"San Juan bezpera dut gustukoen"
CARLOS OLABE BARRENA Sarraigilea, 82 urte
Olabe Zumarragarra da izatez, baina urte pila daramatza Arrasaten bizi izaten eta bertako jaien oso zalea da: "San Juan bezpera eta jaietako hirugarren eguna izan ditut beti gustukoen. Lehenengo, meza nagusira joan ohi ginen, eta ondoren, lagunartean txikiteora; dantzarako lotsati samarrak ginen gu. Gero, etxean bazkaldu ohi genuen, ohikoa baino bazkari hobea; legatza edo txuleta, ahal bazen".
"Dantzazale amorratua nintzen"
ALBINA ARANA ORTIZ DE ZARATE Dendaria eta jostuna, 90urte
Arana arrasatearra da, baina "familia ugaria eta txiroa" zirenez ez zutela festarako aukera handirik izaten azaldu du; hori bai, dantzatzea "izugarri" gustatzen zitzaiola argitu du: "Sueltoa egiten genuen, gehienbat, eta lotua ere bai, noizean behin. Elkarri oina zapalduz ikasi genuen, gainera; kar kar kar..."
"Bertsolari onak etortzen ziren"
ANDRES GABILONDO ALBERDI Makinen konpontzailea, 90 urte
Gabilondo Elosuarra da izatez, baina gazterik joan ziren Soraluzera lanera. Ondo gogoan du lanetik atera eta autobusean nola joaten ziren sanjuanetara, Arrasatera: "Lagunartean eta lagun bila etorri ohi ginen, egun aproposak baitziren neska gazteak ezagutzeko". Bertso-irakaslea izana da, eta Arrasatera jaietan bertsolari onak etorri ohi zirela dio: "Uztapide, Baxerri, Lopetegi, Xalbador eta Mattin, esaterako".
"Jaia egunean zehar zen gehiago"
ROSARIO ZILAURRE ASTOLA Baserritarra, 87 urte
Zilaurre Aramaioko Astola auzokoa da eta, batez ere, hango jaietan ateratzen zirela dio, eta ez zutela Arrasateko jaietara hurbiltzeko ohiturarik: "Erromerian ibiltzen ginen gustura, dantza saio ederrak egiten genituen. Egunean zehar izaten zen jaia, batez ere; gauean, parranda gutxi. Orain, berriz, alderantziz da".
"Jaietan egunero irten ohi ginen"
JULIANA EGIGUREN ALBERDI Baserritarra, 91 urte
Egiguren bergararra da, eta, "oso festazalea" izana den arren, ez zuten Arrasatera joateko ohiturarik: "Bergarako jaietan, ordea, egunero ateratzen ginen, bost egunetan, handiak baitira. Gainera, berandu erretiratu ohi ginen, gauerdi aldera. Erromeriazaleak ginen; almendrak erosi eta plazako bankuan jateko ohitura ere bagenuen. Pastelak ere ohikoak ziren, gozotegi bikainak baititugu Bergaran".
"Sanjuanak ez ditut inoiz galdu"
BERNABE ARRESE ORBEGOZO Kooperatibista, 92 urte
Udala auzokoa da Arrese, eta jaietako oroitzapen "oso onak" dauzkala dio; hori bai, lehen, jaiak "hobeak" zirela eta jende gehiago ibiltzen zela dio. Orain, aldiz, "asko" kanpora doazela: "Dantza pila egiten genuen eta entzierroan atera ohi nintzen. Tabernetan konbinatu batzuk ere hartzen genituen".