"Arrakastaz" ari dira herriz herri Martin Zalakain abenturazalea ikuskizuna eskaintzen; etzi, zapatua, Amaia antzokian izango dira, 19:30ean; sarrerak, aurrez, Arrasate.eus-en eros daitezke hamabost eurotan. Arrasate Irratiko gaurko, eguena, Igo Autobusera! saioan izan dira Argia dantzari taldeko Iñaki Arregi dantza-maisua eta Onintze Azpeitia dantzaria.
Dantza eta antzerkia, biak ala biak lotuta doazela azaldu du Iñaki Arregi dantza-maisuak: "Dantzaren inguruan egituratzen doa ikuskizuna eta horrek agintzen du gainontzeko guztia. Dantza aldetik esan dezaket fronte ezberdinak jorratu ditugula kolorearen eta intentsitate dramatikoaren distirarako; hortaz, denetarikoak daude".
80 lagun izango dira taularen gainean; aurreko lanetan egin izan duten moduan, Euskal Herri osoko dantzariak daude, batetik, eta horientzako musika zuzenean sortzen hamabost laguneko orkestra. Ander Lipus aktorea ere ikuskizunean pieza garrantzitsua da, Pio Barojaren rolean sartuta haren obraren kontakizuna egiten du.