Blues musikaz beteko du Ibai-artek uztaileko hirugarren asteburua

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 29a, 11:23

Ibai-arteko zuzendaritza gauzak antolatzeko gogoz dabil, eta atzokoan, musika jaialdi berri bat eman zuten aditzera. Arrasate Blues du izena, eta herriko ostalariekin eta Udalarekin elkarlanean antolatu dute. Uztailaren 19tik 21era zortzi blues kontzertu lotu dituzte herriko tabernetan, eta talde gehiago erakartzeko lanean ari dira.

"Euskal Herrian blues jaialdiak egiteko ohitura nahiko errotuta dago: Hondarribi, Getxo... Arrasaten antzerako zerbait egitea posible zela pentsatu genuen, eta Arrasate Blues da horren emaitza" azaldu du Ibai-arteko presidente Jon Apraizek. 

Ideia garatzeko orduan, asko eskertu zuen herriko eragile batzuek eman dizkioten erraztasunak. "Musika taldeak lortzeko, adibidez, Arrasate Musikaleko Martarengana jo nuen, eta segituan hasi zen taldeak eta musikariak lotzen. Kontzertuak emateko tabernei dagokionez, Kajoi tabernako Antonio ere hasieratik egon da laguntzeko prest, eta horrelako bidelagunekin asko errazten dira produkzio lanak". 

Gaur gaurkoz lotu dituzten zortzi taldeetatik gehienak arrasatearrak dira, edo Arrasaterekin lotura izan duten musikariek osatuta  daude. Horrez gain, Allnighters bezalako puntako taldeak ere badaude egitarauan. Azken hau, Udalaren laguntzarekin ekarriko dute. Esan bezala, egitaraua guztiz itxi gabe dago, eta lanean dihardute talde gehiago ekartzeko. "Kanpotik datorren beste taldeetako Soriakoa da, eta bertan Enclave del agua blues jaialdia antolatzen dute. Beraz, ez dugu baztertzen Sorian joko duen puntako talde amerikarren bat gurera ekartzea". 

Oraingoz zortzi kontzertu lotu dituzte, sei tabernatan. Baina talde gehiago lortuz gero, Irati eta Taupa tabernak egitarauan sartzea aztertzen ari dira. "Taberna horietako batzuk Ibai-arteko kide dira, baina beste batzuk, ordea, ez. Baina ez gara elkarteko kideetara mugatzen eta sinergiak eta elkarlanak areagotu behar ditugu. Horretan ari gara, eta horretan jarraitu behar dugu". 

Hona hemen, jaialdiko egitaraua:

Aurkezpen ekitaldia

Atzo egin zuten jaialdi berriaren aurkezpena ekitaldia, 20:00etan, Kulturaten; behin dendariek komertzioak itxi ostean. Ebert eta Jim TNT musikariak oholtza gainera igo ziren aurkezpena zuzeneko blues batekin hasteko, eta ostean, Jon Apraizek hartu zuen hitza, Lazkano musika dendako arduradunarekin batera. Ekitaldia amaitzeko pintxoak, ardoak eta Kajoi tabernako goi-mailako gin-tonicak egon ziren dastagai, Ebertek eta Jim TNT-k blues jotzen zuten artean. Aipatzea ere, gonbidatuta egon arren, ez zela herriko alderdi politikoetako ordezkaririk izan.

Arrasate Blues jaialdiari buruzko berriak eta argazkiak jasotzeko Instagram kontu bat ere egin dute (@arrasateblues), eta laster hasiko dira hura elikatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak