Arrasaten EAJ gailendu da, ia botoen %40a bereganatuta. 4.474 boto eskuratu zituzten –2015ean baino 736 gehiago–, eta eserleku bat gehiago izango dute udalbatzan, 9 alegia. Maria Ubarretxena, pozik, arrasatearrek euren proiektuan sinistu dutelako.
EH Bildurentzat gau gazi-gozoa izan zen. Ez zuten alkatetza berreskuratzeko helburua lortu, baina boto eta zinegotzi gorakada izan zuten. 4.103 boto lortu zituzten –2015ean baino 755 gehiago– eta zortzi ordezkari izango dituzte udalbatza berrian. Maider Morrasek, jasotako babesa eskertu nahi izan zuen atzokoan.
Hirugarren indar moduan alderdi sozialistak jarraituko du. 1.373 boto jaso zituzten, 2015ean baino 52 gehiago, eta hiru zinegotzi izaten jarraituko dute. Oscar Garciak balorazio positiboa egin zuen, batez ere, gobernua osatzeko giltza sozialisten poltsikoan dagoelako.
Aipatzea ere Elkarrekin Podemos-ek izandako beherakada. 2015ean, Baleikek eta Irabazik 1.759 boto jaso zituzten, eta oraingoan, batera joanda, 881 lortu dituzte. Hiru zinegotzi izatetik bakarra izatera pasa dira, eta Igor Urizarren hitzetan “porrot gogorra” izan zen atzokoa. Arrasate Aurrera!-k eta PPk 271 eta 253 boto izan zituzten hurrenez hurren, eta ez dute ordezkaritzarik lortu. Amaitzeko, aipagarria parte hartzearen gorakada, abstentzio %38,31tik %33,65era pasa baitzen atzo.