ALBISTEAK

Maider Morras: "Lehen unetik helduko diogu segurtasunari"

Amaia Zabala 2019ko mai. 23a, 16:19

Morrasek adierazi du "irabaziz gero, herritarren kezka nagusia den herri segurtasuna" izango dela bere lehentasuna. Azken ekitaldia egin du gaur EH Bilduk, eta hura baliatu dute herritarrengandik kanpainan jasotako babesa eta ekarpenak eskertzeko.

Hauteskunde programa atalez atal aditzera eman ostean, puntu garrantzitsuenak nabarmentzeko eta "hauteskundeak irabaziz gero" euren lehentasunak zeintzuk izango diren definitzeko azken ekitaldia egin zuen atzo Arrasateko EH Bilduk. Baina, horrez gain, eskerrak emateko ere baliatu zuten Herriko Plazan eskainitako prentsaurrekoa: "Kanpaina amaitzear den honetan, lehenik, eskerrik beroenak arrasatearroi egun intentsu hauetan eman diguzuen babes osoagatik, animoengatik eta gure proposamenak entzuteko eta ekarpenak egiteko erakutsi duzuen interesagatik. Mila esker, bihotz-bihotzez", adierazi zuen Maider Morrasek.

Segurtasuna

Domekako hauteskundeetan alkatetzako giltza lortuz gero, hauxe izango litzateke Morrasen lehen zeregina: "Herritarren kezka nagusiak entzun ditugu, eta konpromiso erabatekoa hartzen dugu lokatzetan sartzeko. Herri-segurtasunarekin hasiko gara, ezin bestela. Epe luzeko ikuspegia eta epe laburrekoa, biak aktibatu behar direla pentsatzen dugulako. Hiru lan-lerro irekiko ditugu: gaueko udaltzain taldea, prebentzio mahaia eta bitartekaritza zerbitzua, hain zuzen ere".

Adostasunak beste alderdiekin

Beste alderdiekin adostasunetara heltzeko konpromisoa ere berretsi dute: "Gobernatzeko historikoki izan dugun estiloari jarraiki; izan ere, Arrasate berriz ere herri aitzindari bat izatea nahi badugu, herriarekin batera gobernatu beharko dugu. Beste alderdiekin elkarlanean, akordioetan oinarritutako proiektugintzan, gardentasun guztiarekin eta zintzotasuna izanik baliorik garrantzitsuena".

Kudeaketa "zorrotza"

"Gastuen eta sarreren kudeaketa zorrotza ahalbidetu behar dugu. Hori da guk beti egin izan duguna. Sarrera, gastu eta inbertsioan kontrola ziurtatuta. Sistema tributario moderno bat ere ezarriko dugu horretarako, egungoa guztiz zaharkitua baitago egungo gizartearen beharrei erantzuteko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak