Alkateak berak duela astebete jakinarazitako datua –hainbat eta hainbat alditan atxilotuta ere kalean jarraitzen duen lapur taldearena; 189 aktuazio euren kontra– eta sarri halako ekintzak eragiten dituen egileen drogamenpekotasuna, besteak beste, gogoan, segurtasun arloan duen proposamena azaltzeko agerraldia egin du EAJk.
Bi arlo ditu proposamenak; lehena, prebentzioa: "San Juan de Dios ospitalearekin eta ikastetxeekin, agintaldi honetan, guk abiatutako programa berritzailearekin jarraituko dugu. Programa berritzaile hori drogamenpekotasunari aurre egiteko programa bat da, gazteen arlokoa. DBHko ikasle guztiak hartzen ditu kontuan, eta gure proposamena da hain ondo joan den programa berritzaile hori zabaltzea LH5 eta LH6 mailetara. Prebentzio arloan dugun beste proposamena ondorengoa da: Hondarribia kaleko 3. zenbakian, udal eraikin batean, Kalexkarekin jarri dugu zerbitzu berri bat, zerbitzu berezi bat. Zerbitzu honetan gazteak hartzen ditugu, lanik egiten ez dutenak, ikasten ari ez direnak, eta pertsona horiek lanbide batzuk ikasten dituzte eta babes bat jasotzen dute Kalexkaren zerbitzuaren bitartez". Momentu honetan hamar pertsonak jasotzen dute zerbitzu hau, eta EAJren proposamena da hartzaile kopurua bikoiztea. Prebentzio arloko bi programok agintaldi honetan EAJren gobernuak martxan jarritako bi neurri direla azpimarratu du Maria Ubarretxenak, Arrasateko egungo alkate eta hilaren 26rako alkategaiak.
EAJren proposamenaren bigarren arloa dira "aktuazioak". Batetik, ertzaintzaren eta udaltzaingoaren lana gaizkileak atzeman eta atxilotzeko: "Ertzaintza eta Udaltzaingoaren arteko segurtasun plan operatibo bat jarriko dugu martxan. Talde berezi bat antolatuko dugu lapur talde jakin honi jarraipena eta presioa egiteko. Eta herriko komertzio eta ostalarien ordezkaritzarekin, euren komertzio eta lokalen segurtasuna lantzeko programa jarriko dugu martxan".
Arrasateko EAJren helburu nagusia herriko "elkarbizitza seguru eta baketsua" dela adierazi du Maria Ubarretxenak, eta horretarako lanean jarraituko dutela agindu.