ALBISTEAK

Arrasateko arazorik "larriena" den segurtasunari "serio" heltzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 10a, 13:41

"Oso kezkatuta" dago Arrasateko EH Bildu herriko segurtasunarekin eta horri heltzeko konponbideak aurkeztu ditu. Gai honekin ezin dela beste aldera begiratu adierazi dute eta Udal gobernuaren "erantzukizun eza" salatu.

Kezkatuta dago EH Bildu gero eta liskar gehiago eta lapurreta gehiago egiten dabiltzalako herrian; horren adibide aipatu du gaur goizaldean bertan, Arrasateko kafetegi batean sartu izana. "Orain dela lau urte, gure agintaldiaren bukaeran udaltzainek esaten ziguten gora egingo zutela horrela jarraituz gero. Maria Ubarretxenak ere bazekien, zinegotzia zelako garai hartan", adierazi du Maider Morras EH Bilduko alkategaiak eta gaineratu, hala ere "beste aldera begiratu" duela eta egoera "jasanezina" dela gaur egun. "Badakigu 16 pertsona baino gehiago dabiltzala gure herrian lapurretan eta kalteak indarkeriaz egiten".

Herriaren segurtasuna bermatzea Udal gobernuari dagokiola dio Morrasek: "Baina erantzukizun falta izugarria egon da lau urteotan eta orain gauden egoeran gaude: hilero lauzpabost lapurreta eta hiru eraso matxista, besteak beste". Eta gaineratu du, ez fiskalak, ez epaileek, ezta kartzelak ere, ez dutela arazoa konponduko.

Hiru lan ildo zehaztuta

Gaiaren gaineko lanketa  egin du EH Bilduk, beste herri eta hiri batzuetako esperientziak ezagututa. Eta hiru ildotan lan egingo dutela adierazi du Morrasek.

Batetik, udaltzain gehiago eta prestatuagoak gura dituzte: "Guez kalean ibiliko direnak eta leku estrategikoak zaindu; kaleetako argiteria hobetu puntu ilunak ekiditeko; eta denda, taberna eta etxebizitzen segurtasuna blindatu". Bigarren ildoaren oinarria prebentzioa da. Eta hirugarren ildoan jaso dute bitartekaritza zerbitzua eskaintzea Udaletik.

"Badakigu arazoari nola erantzun, gaia ondo ezagutzen dugu eta gaitasuna daukagu horretarako. Eta EH Bilduk gaia lantzeko konpromisoa hartzen du", adierazi du Morras alkategaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak