Arrasateko Elkarrekin Podemosek aurkeztu du udal hauteskundeetako zerrenda Kulturateko klaustroan. Lanerako gogotsu datozela adierazi dute. Dena den, salatu nahi izan dute baita ere azken lau urteetan, udalean barne kudeaketa “autoritarioa” egin dutela EAJk eta sozialistek, halaxe azaldu du Arrasateko Elkarrekin Podemoseko alkategai Igor Urizarrek: “Lau urte hauetan gehiengo instituzionalaz baliatuta, barne kudeaketa autoritarioa burutu dute, gure proposamenak behin eta berriz zapuztuz, gure informaziorako eskubidea ukatuz eta oztopatuz, legea bihurrituz euren borondatea inposatzeko, emandako hitza eta hainbat kasutan udalbatzan bertan emandako botoa bete gabe ”.
Izan duten udal kudeaketaren balantzea gainera erabat “negargarria” izan dela ere azpimarratu du Urizarrek, eta herrian bizi diren hainbat egoera lazgarri azaleratu nahi izan ditu: “Desjabetze traumatiko batzuk ere burutu izan dituzte, inongo erruki edo gizabide gabe jendea etxetik era txarrean ateratzera behartuz. Merkatari txikiei bizitza zaildu diete, oztopo guztiak jarriz eta enpresa handiekin izaten duten malgutasuna inondik erakutsi gabe. Hori bai da EAJren eta PSE-EEren benetako aurpegia”, adierazi du.
Horregatik guztiagatik aurkeztu duten hautagaitzak eredu “gizagabe” hori salatzen duela gaineratu du Urizarrek eta Arrasateri eredu "alternatibo" bat eskaintzen diola: “Horregatik guztiagatik aurkeztu dugun hautagaitzak eredu gizagabe hau trinkoki salatzen du eta Arrasateko herriari eredu alternatibo eta hausle bat eskaintzen dio. Ezkerretik, feminismoan eta ekologismoan oinarritu nahi duen eredu eraldatzaile bat”.
Gaineratu du herritarrei eta auzokideei zabalik egongo den hautagaitza bat aurkeztu dutela eta lan egingo dutela bereziki lau ardatz jarraituta: etxebizitza duinen alde, ondasun publikoa berreskuratu nahian, auzoei indarra emanez eta herritarrek esandakoak entzun eta behar horietan lan eginez.