Herritarrek bidalitako proposamenak baloratu eta gero, partaidetza prozesuaren ondorioak aurkezteko agerraldia egin du gaur Kulturateko klaustroan Arrasateko EAJ-PNVko lantaldeak, Maria Ubarretxena alkategaia buru izan dutelarik. Herriko etxebizitzetara helarazitako esku-orrien bitartez jaso dituzte ekarpenak azken asteotan jeltzaleek eta, ondorioak landuta, aurki aurkeztuko duten hauteskunde-programa itxiko dutela jakinarazi dute gaurko agerraldian.
Hilabeteko epean 202 herritarren 942 proposamen jaso dituzte jeltzaleek, “erantzun ezin hobea” alkatearen iritziz eta, horregatik, “herritarrek egindako ahaleginarekin oso eskertuta” daudela adierazi du eta gaineratu du, ekarpen guztiak irakurri eta kontuan hartu dituztela.
Herri-programa aberasteko
Ubarretxenak, halaber, kalean beregana eta zerrenda-kideengana etorritako herritarrei ere eman dizkie eskerrak eta alkategaiak pozik adierazi du herritarren aldetik "interes handia eta gertutasuna" sumatu dituela eta hori "oso lagungarria" dela herri-programa idazterako orduan: “Erantzukizunez jokatuko dugu orain arte egin dugun bezala eta gure ilusio, indar eta gogo guztia jarriko ditugu herri proiektua aurrera ateratzeko, arrasatearrek hala erabakitzen badute”, baieztatu du alkategai jeltzaleak.
Ekarpen eta kontraste fase honen laguntzarekin, aurki aurkeztuko dute hauteskunde-programa, zeina hamar puntu zehatzetan banatuko den. “Ez dugu espektatiba faltsurik eragingo eta gure proposamen guztiak errealistak eta aurrera eramateko posibleak diren ekimenak izango dira” esan du Ubarretxenak.
Garbitasunaren eskaera
Herritarren artean errepikatu den eskaeretako bat garbitasunarena izan dela nabarmendu dute jeltzaleek eta gai honen inguruan konpromiso irmoa duela berretsi du Ubarretxenak: “Arrasate atseginago baten aldeko eskaera ere egin du gehiengoak, berdeguneak handitu eta lorategi gehiago eta lorezaintzan esfortzua egiteko eskaera garbi batekin”. Horretaz gain, pintaketak kentzeko, edukiontzien inguruko txukuntasuna hobetu eta herritarren kontzientziazioa handitzeko kanpainak egiteko eskaerak behin eta berriro irakurri dituztela ere nabarmendu dute.
Auzoetako inbertsioak
Jasotako ekarpenei egindako errepasoarekin jarraituz, Ubarretxenak auzoen presentzia nabarmena azpimarratu du, inbertsioekin jarraitzeko eskatu diete herritarrek, irisgarritasuna bermatzeko sistemak jartzea, espaloiak eta suelto dauden baldosak konpontzea edo euren auzoetako itxura eta garbitasuna hobetzea. Irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez, gehiengoak oinezkoei lehentasuna ematea, barrera arkitektonikoak desagerraraztea, erdigunean TAO sistema jartzea eta bidegorri sarea handitzea ere eskatu dutela jakinaarzi dute.
Segurtasuna
Kezken atalean, berriz, askok herriko segurtasunaren inguruan agertu duten ardura aipatu du alkategai jeltzaleak: “Segurtasuna, zaintza zorrotza eta hainbat jokabideen kontrolaareagotzea eskatu du gehiengo batek, esaterako txakurrak solte ibiltzea”. Halaber, Udaltzaingoaren kaleko presentzia areagotzea eta zirkulazioan, autoaren erabilera gutxitu eta trafikoa gutxitzeko neurriak eskatu dituztela gaineratu dute.
Kiroldegi berria
Azkenik, Arrasateko EAJ-PNVk aurki aurkeztuko du hauteskunde-programa eta ziurtatu dute proposamenen artean egongo dela Arrasatek "behar duen" kiroldegi berria.