"Utziko diguzue esaldi batean laburbiltzen agintaldia, bereziki EAJren eta PSE-EEren gobernua estiloaren eragin nabarmena izan duena: argazki asko eta mami gutxiko agintaldia izan da". Gogoeta hori eginez hasi zuen EH Bilduko Eneko Barberenak, azken lau urteetako lanaren balorazioa. Kanpo-arrosa politika" egin izana leporatu zion Udal Gobernuari, eta horren adibidetzat jarri zuen kiroldegi berriaren aurreproiektua: "Pilpilean dagoen gai bat hartuta, adibidez, ona da kiroldegi berriaren aurreproiektuarekin gertatu dena. EH Bilduren ekimenez plan estrategiko bat garatzen da eta, amaieran, aurreproiektu bat egiten da hau errespetatu gabe. Ez hori bakarrik, ez da aurreproiektu hau aurkeztu ez zinegotziz osatutako kirol batzordean, ezta kirol eragileez osatutako kirol kontseiluan ere".
Gobernuaren estiloari buruz nabarmendu zuten oposizioaren lana "mespretxatzen" ahalegindu direla, "udal batzordeak edukiz hustuz, informazioa ezkutatuz edo Udal osoari zegozkion gaiak alderdikeriaz kapitalizatuz".
Galdera sorta
Lau urte hauetan Gobernuak egin gabe utzi dituen ekimenei buruz, honako galderak egin zituzten, besteak beste: sorta egin zuten: "Zuen agintaldia eta gero, kaleak garbiago daude? Denda gutxiago itxi al da? Euskara gehiago erabiltzen al dugu? Udalean lanposturik egonkortu da? Gutxiago al dira bazterkeria egoera dauden familiak? Droga kontsumoak behera egin al du? Neguko aterpetxea zabalik al dago? Azoka konpondu duzue? Zein da udaltzaingoaren egoera?"
Egindako lana
Balorazio prentsaurrekoan ez ziren Gobernuaren jarduna kritikatzera mugatu, eta Udal arloan EH Bilduk egindako "lanaren emaitzak" ere aipatu zituzten. "Gure ekimenari esker jarri behar izan ditu gobernuak, fede gutxiz, indarkeria matxistaren aurkako plana, Arrasateko pobreziaren, prekarietatearen eta krisiaren eraginak neurtzeko diagnostiko soziala, kirolaren plan estrategikoa edo aniztasun mahaia. Zoritxarrez, ez dute bide handiegirik izan, ziurrenik ez zegoelako eraikuntza enpresa bat atzean".
Esker hitzak izan zituzten Eneko Fernandezentzat, eta Amaia Larrañagaren oroimena ere ekarri zuten gogora. Azkenik, Maider Morrasen taldearentzat babesa eskatu zuten, "gu iritsi ez garen tokietara iris dadin EH Bilduren aldarria eta eredua".