"Gaurkoan maiatzeko hauteskundeak irabaziko dituen taldea aurkeztu dugu" esanez hasi du aurkezpen ekitaldia EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizarrek, eta "esker ona eta errekonozimendua" eskatu ditu azken lau urteetan "Udaletxeko bakardadean" lanean aritu diren EH Bilduko zinegotzientzako.
Jarraian, Eneko Barberenak hartu du hitza, agintaldi honetan taldekide izan dituen zinegotziak oholtza gainean zeudelarik. Azaldu du EAJren gobernuak "elkarlanari beldurra" diola, eta horren adibide batzuk aipatu ditu: EH Bilduk aurkeztutako 100 emendakinak, hileta zibilak egiteko leku estali baten aldeko 1.769 firmak, edo Baleike Eta Irabazirekin elkarlanean batutako 1.650 sinadurak "autobusen rekorteen aurka".
Gobernuari aipamena eginez ere, honako galderak bota ditu: "Kudeatzaile onak direla diote. Baina azken lau urte hauek ikusita, nola daude auzoak? Herriko kaleak garbiago daude? Lanpostu gehiago sortu da? Denda gutxiago itxi dira? Nola dago azoka? Argazki kudeatzaile onak dira, baina ez dira kudeatzaile onak".
Ostean, Maider Morrasen eta bere taldearen txanda heldu da. Eskerrak emanez hasi du hitz hartzea: "Eskerrak aurrekoei, eta eskerrak datozenei". EH Bilduren proiektuaren oinarria ondare inmateriala dela esan du, "argazkietan atera ezin den ondare hori, alegia". Euskara izan da aipatu duen ondare horren lehen adibidea, eta horri lehentasuna emateko garrantzia azpimarratu du. "Aurreko astean, euskararen alde hainbeste lan egin duten AEDren eta Txatxilipurdiren urteurren festa izan zen, eta bertan ez zen Gobernuko inor egon. Ez dute euskara sentitzen, eta gero, egunerokotasunean jai".
Kirola, hezkuntza, natura, segurtasuna eta gazteria bezalako gaietan aurrera egiteko beharra ere aipatu du, baita ostalaritzan eta merkataritzan ere. "Herriari alaitasuna eta poza ematen diote dendek eta tabernek, eta una honetan paralisi sakon batean daude".
Zerrendako kide guztiak aurkeztu dituzte, eta "lehenetik eta 24. era arte Arrasaterekin konprometituak daudela" adierazi du Morrasek.
[Zerrenda ikusteko egin klik hemen]
Apirilaren 28ra begira
Gaurko ekitaldian ere, fokua jarri dute apirilaren 28an egingo diren Espainiako Parlamenturako hauteskundeetan. Horretarako, Marian Beitialarrangoitia igo da oholtzara eta ondorengo mezuetako batzuk bota ditu. "Apirilaren 28an emaitza on bat lortzea, funtsezkoa izango da Arrasaten alkatetza berreskuratzeko". Europan eta Espainian eskuin muturra izaten ari den gorakadaren aurrean EH Bilduri botoa ematearen garrantzia nabarmendu du. "Horri hortzak erakusteko indarrak batu ditugu ezkertiarrak eta independentistak garenon artean".
Madrileko jardunean EH Bilduren jo puntuak ondorengoak izango direla aipatu du: "erabakitze eskubidea, preso politikoen egoera, politika sozialak eta faxismoari aurrea egitea".