Maiatzaren 17ra arteko epea dago izena emateko bai udaleku irekietan eta baita udaleku itxietan ere

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mar. 25a, 13:11

Txatxilipurdik antolatu, haur eta gaztetxoek aisialdi eskaintza zabala izango dute uztailean. Udaleku irekien eta udaleku itxien gaineko informazio eman dute antolatzaileek: izen-emate epea zabalik dago, maiatzaren 17ra arte.

Arrasateko udaleku irekiak uztailaren 1etik 19ra bitartean izango dira, eta 2urtetik (2016an jaiotakoak) 12 urtera arteko (2007an jaiotakoak) umeei zuzenduta daude.

Adinaren arabera hiru talde banatu dituzte:

  • Bilin-bolonka: 2-6 urte bitartekoak. Goizen izango dira udalekuak, 10:00etatik 13:00etara. Prezioa: 103 euro. Familiekin bilera ekainaren 18an egingo dute, 18:00etan, Kulturateko areto nagusian.
  • Bihurrikeixetan: 6-8 urte bitartekoak. Bi aukera izango dute: goizez, 10:00etatik 13:00etara (126 euro); edo egun guztia, 10:00etatik 13:0etara, eta 16:00etatik 18:00etara (149 euro). Familiekin bilera ekainaren 8an egingo dute, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian.
  • Erokeixetan: 9 eta 12 urte bitartekoendako. Aukera bakarra izango da: astean hiru egunez 10:00etatik 13:00etara, eta astean bi egunez 10:00etatik 17:00etara. Prezioa: 149 euro. Familiekin bilera ekainaren 20an egingo da, 18:00etan, Kulturateko areto nagusian.

Udalekuak hiru gunetan banatuta egingo dituzte: Musakola, Erdigunea eta San Andres.

Zaintza zerbitzua egongo da

Goian aipatutako hiru taldeek zaintza zerbitzua hartzeko aukera izango dute: 40 euro izango da, uztailaren 1etik 19ra, 9:00etatik 10:00etara.

Nabarmendu behar da udalekuetako prezioan deskontuak izango dituztela familia ugariak edo topakideak direnek (%5ekoa); eta, familia ugaria direnek eta topakideak direnek %10ekoa.

Udalekuak asteka aukeratzeko modua

Gainera, udalekuak asteka aukeratzeko modua ere egongo da: lehenengo astea (uztailaren 1etik 5era); bigarren astea (uztailaren 8tik 12ra) eta hirugarren astea (uztailaren 15etik 19ra). Kasu horretan, udalekuen tokia Erdigunea izango litzateke.

Udaleku itxiak

9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako udaleku itxiak antolatu ditu Txatxilipurdik uztailerako. Hiru adin tarte banatu dituzte:

  • Goizueta: 9-12 urte bitartekoendako, uztailaren 6tik 13ra bitartean. Xubimuxu aterpetxean izango da. Prezioa: 300 euro. Bilera izango da ekainaren 20an, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian. 25 plaza daude.
  • Zingira (Orio): 12-14 urte bitartekoendako, ekainaren 30etik uztailaren 10era bitartean. Oriotik gertu dagoen Zingira kanpinean izango da egonaldia. Prezioa: 300 euro. Bilera ekainaren 18an izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. 30 plaza.
  • Ozaeta: 12-14 urte bitartekoendako, uztailaren 1etik 10era. Ozaetako Otaza auzoan. Prezioa: 300 euro. Bilera ekainaren 19an izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. 30 plaza.
  • Kosta ala kosta (udaleku ibiltaria): 14-16 urte bitartekoendako. Ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean. Arabatik Gipuzkoako kostara egingo dute. Prezioa: 300 euro. Bilera ekainaren 20an izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.

Udaleku itxietan ere deskontuak izango dituzte familia ugariek eta topakideek.

Udaleku itxien kasuan, apirilaren 5era arte arrasatearrek bakarrik izango dute aukera izena emateko; behin data hori pasata, zabaldu egingo da izen-ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak