Arrasaten dauden erronka nagusiak eta bertako ikuspegiak ezagutzeko aprobetxatu du Markel Olanok bisita. Udaletxean, Maria Ubarretxena alkatearekin bilera izan du goizean.
Arlo ekonomikoa
Ikuspegi ekonomikotik, PMG Polmetasa enpresa bisitatu dute eta hauxe adierazi du Olanok: “Alde batetik, arlo ekonomikoari dagokionez, bistan da Debagoienak eta Arrasatek indar oso berezi bat daukala hor. Gainera, nik esango nuke, bere oreka soziala oinarritzen dela sare ekonomiko indartsu batean, kooperatibak eta beste zenbait enpresak daukaten ahalmenean enplegu duinak sortzeko”.
Hain justu ere, gaurkoan kooperatiba ez den enpresa bat bisitatu dute, halakoek Arrasaten ere indarra dutela argudiatuz: “Zergatik Polmetasa? Denok dakigu Arrasate oso garrantzitsua dela kooperatibismoaren munduan, baina ezin dugu ukatu Arrasaten ere badauzkagula beste enpresa batzuk ere oso garrantzitsuak direnak, baina kooperatibak ez direnak, eta horien artean dago Polmetasa”, azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.
Ikuspegi soziala
Arlo soziala ere azpimarratu nahi izan dute, Caritasen Bidean zentroa bisitatuz. Olanok adierazi du Gipuzkoan 35.000 pertsona daudela pobrezia egoeran eta arlo horri ere bere erantzuna eman behar zaiola. Jakinarazi du horri aurre egiteko jarri dutela martxan Elkarrekin izeneko ekimena eta horren helburu nagusia dela bazterkeria egoeran daudenendako plangintza bat egitea, lan duin baterako sarbidea izan dezaten. Eta Caritasek egiten duen lana ere ezagutu nahi izan du.
Olanok gaineratu du euren apustua lurralde bezala dela aitzindariak izatea batik bat bazterkeria egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko.
Agerraldia
Bestetik, Olanok Arrasatera egin duen bisita aprobetxatuta, Eibarko Egogain nagusien egoitzako lau langilek agerraldia egin dute Herriko Plazan, euren lan eskubideak aldarrikatzeko.