"Ezberdinen arteko gobernu bat izan da, Arrasateko jendearen eskaerak asetzeko. EAJ eta PSE-EE ez dira berdinak eta ez dira inoiz izan eta ez dira izango, eta Udal Gobernu batean normala den moduan gure tirabirak izan ditugu, baina harro egoteko arrazoiak ditugu hainbat proiektu aurrera atera baititugu" esan du Garciak.
Udal Gobernuak kudeatu dituen hainbat proiektu izan ditu hizpide Garciak, horien artean Kulturola, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Makatzenako igogailua besteak beste.
Horretaz gain, aipamen berezia egin dio zinegotzi sozialistak herrian doako wifi guneak ezarri izanari eta "ezinezkoa zirudien arren", Arrasateko Alderdi Sozialistak "aurrera eramatea" lortu izana nabarmendu du. Bestalde, herrian informazio turistikoa eskaintzen duen gune bat ireki izana ere azpimarratu du.
Gauzatu gabe geratu zaizkien proiektuen artean, berriz, udal aterpetxea azpimarratu du Garciak eta horren arrazoia "aterpetxearen eskumena udalarena ez baino Mankomunitatearen izatea" izan dela argitu du.
Balantzearen aurkezpenaz gain, herritarrek proiektu guzti hauen berri izan dezaten aldizkari bat banatuko dute astelehenean etxez etxe.
Datozen udal hauteskundeei dagokionez, berriz, zerrenda osatua dutela eta alderdi barruko onarpen prozesua igarotzean berehala argitaratuko dutela jakinarazi dute.