Iragana "zuritzerik" ez dutela nahi aldarrikatu dute sozialistek Isaias Carrascoren omenaldian

Txomin Madina Milikua 2019ko mar. 9a, 16:05

Beste urte batez, 2008ko martxoaren 7an ETAk Arrasaten hil zuen Isaias Carrasco sozialista omendu dute gaur eguerdian San Andres auzoan, zinegotzi ohia bizi izan zen eta hil zuten leku berean. Carrascoren senideez gain, ekitaldian izan dira, besteak beste, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia eta Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi Eneko Andueza. Azken honek adierazi du elkarbizitza sendo bat lortzeko, "behar den moduan, inongo azukre barik" kontatu behar direla gertatu izan diren gauzak, eta ekitaldian EH Bilduko ordezkaririk egon ez izana ere kritikatu du.

Hamaika urte bete ziren eguenean ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia hil zuenetik, eta urteroko ohiturari eutsiz, omenaldia egin diote senideek eta alderdikideek hil zuten lekuan, Arrasateko Navas de Tolosa kalean.

Euskadiko sozialisten ordezkaritza zabalak hartu du parte ekitaldian. Bertan izan dira, esaterako, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia; Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi Eneko Andueza; EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkari den Jesus Loza; Arrasateko zinegotzi sozialistak eta Rafaela Romero, Iñaki Arriola, Odon Elortza edo Aritxu Marañon bezalako kide sozialista ezagunak. Arrasateko udalbatzan EAJren zinegotzi diren Anuska Ezkurra eta Ander Garai ere izan dira bertan.

Lore eskaintzarekin hasi da ekitaldia, eta ondoren, Eneko Anduezak hartu du hitza. Orain gutxi hil den Paco Garcia ekarri du gogora Anduezak, "erresistente" bat izan zela azpimarratuaz, eta gaineratu du gizarteak zor bat dutela Garciarekin eta baita Carrascorekin ere: "Gure askatasuna zor diegu".

Kritikak EH Bilduri eta Arrasateko udaletxean Carrascoren omenez jarritako plakari

Gaurko eguna "gogorra baina berezia" dela gaineratu du Gipuzkoako sozialisten buruak, eta garrantzitsua dela memoria mantentzea. "Memoriak dakar gauzak izan ziren moduan kontatzea. Ulertzen dut batzuendako gogorra dela orduan izan zuten jarrera oroitzea, baina guretzat bizikidetza sendoa lortzeko beharrezkoa da hemen gertatu ziren gauzak behar den moduan kontatzea, inongo azukre barik. Guk ez dugu iragana zuritzerik nahi, horixe da Euskadin sufritu dugun errealitate gordina", azaldu du Anduezak. Gaineratu du ez dutela nahi inork euren errealitatea kontatzerik: "Ez dugu nahi inork, gure gorputzean sartu eta bizi izan dugun errealitatea kontatu eta aldatzea. Horretarako gu gaude, eta prest gaude errealitate gordin hori kontatzeko, horrek ekarriko duelako benetako elkarbizitza eta etorkizun sendoa". Anduezak kritikatu du, era berean, orain hilabete batzuk Arrasateko udaletxean Carrasco omentzeko jarritako plaka: "Guretzat ez da bidezkoa plaka horretan ez jartzea ETAk erail zuela Carrasco".

Ordezkari sozialista kritiko azaldu da baita ere  gaurko ekitaldian ez delako egon EH Bilduko ordezkaririk: "Iaz etorri ziren, atera zuten argazkia, eta oso ondo geratu ziren. Baina gaur ere etorri zitezkeen; hau ez da argazkia ateratzeko omenaldi bat, oroimena eta bizikidetza egiteko ekitaldi bat baizik. Espero dut datorren urtean hemen izatea ezker abertzaleko ordezkariak".

Erlazionatuak

Isaias Carrascori omenaldia, argazkitan

Txomin Madina Milikua 2019 mar 09 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak