2019an beste 250.000 euro, herritarrek proposatutako eta aukeratutako proiektuetarako

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 28a, 18:39

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Baleikek konpromisoa hartu dute aurten ere partaidetzazko aurrekontuak egiteko, hauteskundeetako emaitzei erreparatu gabe. Iaz irabazle izan ez ziren 114 proiektu berriz ere jarriko dituzte aukeren artean, eta berriak egiteko bi asteko epea zabalduko dute martxo bukaeran. Proiektuak aukeratzeko bozketa, irailean egingo dute. 

Prentsaurreko bateratua egin dute Udaleko lau alderdi botatuenek, 2019ko partaidetzazko aurrekontuen berri emateko. Balioan jarri nahi izan dute gai honek duen akordio zabala, batez ere, maiatzeko hauteskundeetako emaitza edozein izanik ere, egin egingo direla ziurtatzeko. 

Aurten diru kopuru bera bideratuko dute herritarren proiektuak egiteko: 250.000 euro. Iaz, herritarrek egindako 119 proposamen egon ziren aukeran, eta bertatik bost botatuenak gauzatu ziren.

  • Txiki txokoa
  • Jolas parke bat estaltzea –Itxaropena estaltzearen alde egin zuten–
  • Erguingo igogailuaren proiektua idaztea
  • Bizikletak garbitzeko gune bat jartzea
  • Iturripe Kiroldegiko lurzorua berritzea

Beraz, 114 proposamen egin gabe geratu ziren. Herritarrek eta Udal teknikariek egindako esfortzu hori zakarrontzira ez botatzeko, aurten ere 114 proiektu horiek botatzeko aukera egongo da. Horiez gain, proposamen berriak egiteko tartea izango da martxoko azken bi asteetan: udal webgunean, edo BAZen. Hauek izango dira proposamen berri horiek bete beharko dituzten baldintzak:

  • 250.000 eurokoak izatea, asko jota.
  • Proiektuek izan dezaketen kostua jakiteko erreferentzia bat ematea
  • Datozen urteetan gastu igoerarik ez suposatzea. 
  • Ahalik eta zehatzena izatea

Proposamen horiek jaso ostean, Udal teknikariek banan-banan aztertuko dituzte, bideragarriak diren edo ez jakiteko. 

Bozketa irailean

Udal hauteskundeak tarteko, bozketa irailean egingo dute 18 urtetik gorako arrasatearrek, eta Udal egoitzetan eta Arrasate.eus webgunean egongo da horretarako aukera. 

Iaz, adibidez, proposamenek bete beharreko baldintzetako bat zen, proiektua urte horretan hastea eta bukatzea. Aurtengo bozketa irailean egingo denez, baldintza hori kendu egin dute, eta 2019an edo 2020an zehar egin ahalko dira proiektuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak