Arrasateko M8 plataformak greba egunerako adierazpena eta egun horretarako egitaraua eman zuen jakitera atzo arratsaldean. Aurten begirada berezia jarriko da "egoera zaurgarrienean" dauden horiengan: etxeko langileak, emakume baserritarrak, pentsiodunak, gazteak, migranteak, aniztasun funtzionala dutenak, gorputz desidenteak, lesbianak... Baina bereziki "alor sozioekonomikoa eta zaintzen gatazka" azaleratu nahi dira. Era horretan, "kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto egingo diogu" adierazi zuten.
100 emakume baino gehiago
Arrasaten 100 emakume baino gehiago daude plataforman eta guztien artean egindako prozesua "aberasgarria" izan da. Hala, greba hau antolatzeko emakume kolektibo ezberdinek egin dute ekarpena, ikasleak, pentsionistak eta bularreko umeak dituzten amen taldea, besteak beste.
M8 egitaraua
Greban modu ezberdinetan hartu daiteke parte, besteak beste, lantoki eta ikasgeletan greba eginez eta zaintzeari utziz eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegiz. Gauzak horrela, martxoaren 7rako eta 8rako egitaraua antolatu da. Greba aurreko egunean, hilaren 7an, 19:00etan triki-poteo feminista hasiko da eta 22:00etan kazelorada egingo da. Greba egunean berriz, 12:00etan elkarretaratzea egingo da, herriko plazan eta 14:00etan bazkaria egingo dute norberak etxetik ekarritakoarekin. Ondoren, mikrofono irekiari eta sormen tailerrari emango zaio hasiera. Azkenik, 19:00etan Seber Altube plazan hasiko da manisfestazioa eta herriko plazan amaituko da ekitaldi batekin.