Etxebizitzak alokatzeko gazteentzako programa egokitzat jo du Udalak

2017an jarri zuen martxan Arrasateko Udalak etxebizitzak errentan hartzeko gazteentzako diru-laguntza programa, eta bi urte hauetan 102 eskaera jaso ditu. Helburua da herriko gazteei emantzipatzen laguntzea. 

"Legealdi honetan martxan jarri dugun programa berri bat da hau, eta legealdia amaitzear dagoenez, balorazio bat egitea tokatzen zitzaigun. Bi urte hauetan eskaera kopurua antzekoa izan da, eta helburua bete dela ikusi dugu, hau da, Arrasateko gazteei gurasoen etxetik irteten laguntzea", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa da hau, nahiz eta eskaera gehienak 24 eta 30 urte arteko gazteenak izan diren bi  urte hauetan. 2017an 47 eskaera jaso zituzten, eta 2018an, berriz, 55.

Helburua Arrasateko gazteei emantzipatzen laguntzea denez, herrian erroldatuta egotea da diru-laguntza hau eskatzeko baldintzetako bat. "Eskatzen duguna da Arrasaten erroldatuta egotea hiru urtez jarraian, edo 10 urtez modu ez jarraituan". Horrez gain, alokairuan bizi diren etxe horretan bertan ere erroldatuta egon beharko dira gazteak laguntza jaso ahal izateko.

Erantzun ona ikusita, 2019ko aurrekontuetan ere 60.000 euroko partida bat aurreikusten du Udalak laguntza hauek emateko. Martxoan zabalduko da eskaera epea, eta alkateak gazteak animatu gura izan ditu laguntza hauek eskatzera.

Zuzkidura etxebizitzak

Udalak badauka martxan gazteentzako zuzkidura etxebizitzak egiteko proiektu bat, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia ere badu. Hala ere, luze joango dela aurreikusten dute, eta horregatik alkateak ezinbestekotzat jotzen du diru-laguntza programa hau. "Duela lau urte, programan bageneukan Garibai Hiribideko 14.enean zuzkidura etxebizitzak egitea gazteei emantzipatzen laguntzeko. Dagoeneko martxan da, sindikatuei eraikina husteko agindua eman zaie, baina ikusten genuenez prozesu hau luze joango zela, laguntza hauek jartzea erabaki genuen. Eta ikusten dugu osagarriak izan daitezkeela bi proiektuak".