Kulturolako lanak esleitu ostean, eztabaida piztu du udaltzain ereduak

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 5a, 21:15

Urtarriletik aurrera udaltzainak 60 urterekin erretiratzea ahalbidetu du 1449/2018 errege dekretuak, eta Arrasateko kasuan bost agentek hartuko dute erretiroa; tartean udaltzainburuak. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, goi-kargudun udaltzainburuak ordezkatzeko hautagaiak EAEko administrazio guztian bilatzea onartu dute.

Azkenaldiko azkarrena izan da otsaileko osoko bilkura –49 minutu–, hein handi batean PSE-EEK, EH Bilduk eta Irabazik mozio bana erretiratu dutelako. 

Eguneko lehen puntu garrantzitsuena Kulturola eraikina zaharberritzeko lanak esleitzearena izan da, eta azpimarratu beharra dago alderdi guztien aldeko botoarekin onartua izan dela; aho batez. Moyua Construcciones enpresari esleitu dizkiote zaharberritze lanak, 6.149.160,18 euroren truke –BEZ barne–. Maria Ubarretxena alkatearen arabera, herriko kultur eragileen eta Udal euskaltegiaren estalpe izango dena berritzeko lanak udan hastea, eta 2021 urte hasieran bukatzea da aurreikuspena. 

[Kulturola eraikin barruan zein eragile joango diren jakiteko, eta proiektua bera ikusteko, egin klik hemen].

Alderdi guztiek alde botatu duten arren, EH Bilduk ñabardura bat egin du Urki Larrea kultura batzordeko kidearen ahotan. "Baiezkoa ematen diogu, baina proiektuaren arima landu gabe dago. Bagarak txosten bat egin zuen, bertan egongo diren elkarteekin egin beharreko lanketari buruz; baina ez da landu, eta guretzako, hori, eraikina bera bezain garrantzitsua da".  

Irabaziko Juan Luis Merinok ere kezka antzerakoa azaldu du, batez, etorkizunean dor daitezkeen eragile berriek bertara sartzeko izango zituzten aukeren inguruan.

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak eta Maria Ubarretxena alkateak hartu dute hitza jarraian. Ezkurrak adierazi du, taldeekin egin beharreko lanketa erronka handia dela, eta gainontzeko alderdien lankidetza espero duela hori ondo egiteko.

Irudia: EAJko Anuska Ezkurra.

Zaharberritze lanak egiteko gaur egun eraikinean dauden kultur taldeek behin behineko lokalak beharko dituzte. Zentzu horretan aurreratu du Goikobalu, adibidez, Gaztelupera lekualdatuko dela, eta badabiltzala lanean gainontzeko elkarteei leku bat bilatzeko. Ostean alkateak adierazi du, "%100ean" daudela ados Bagararen txostenarekin, eta lanek iraungo duten bi urteko epea nahikoa izango dela lanketa hori egiteko.  

Udaltzainburua aukeratzeko prozesua

Arrasateko udaltzainburua, udaltzain buruordea edo lehen udaltzainak aukeratzeko prozesuan aldaketa bat egitea onartu dute gaur, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Orain arte, Udalaren LPZaren arabera –Lan Postuen Zerrenda–, EAEko udalerrietan lanean ari ziren funtzionarioen artean egiten zen goi-kargu hauen hautaketa prozesua, lehiaketa publiko bidez. Baina, gaurkoan, hautaketa prozesu hori EAEko administrazio osora zabaltzea onartu du Udal Gobernuak. Hala, aurrerantzean, Udaletako, Aldundietako edo Jaurlaritzako funtzionarioek izango dute postu hori betetzeko aukera, tartean ertzainek ere –Guardia Zibilek eta Polizia Nazionalek, ez–.

Aldaketa zergatik egin duten galdetuta zera adierazi du Maria Ubarretxenak Goienako mikrofonoen aurrean: "Era honetan jende gehiagok izango du lehiaketa publiko horretan parte hartzeko aukera. Zergatik egin dugun? Urtarrilaren 2an martxan jarri den errege dekretuak eragin du EAEko udaltzain askok bat-batean erretiroa hartzea. Udalerri askok dugu udaltzain berrien premia, eta aukera irekitze honek balioko digu jende gehiago erakarri ahal izateko". 

Irudia: Baleikeko Igor Urizar.

Baleike izan da aurkakotasuna azaltzen lehena. "EAJ eta alderdi sozialista jakitun dira erabaki honek duen sakontasunarekin, eta horregatik erabaki dute azken orduan, ez udaltzainei, ez alderdiei informatu gabe, atzetik, isilpean eta ilunean aurrera eramatea. Arrasateko udaltzaingoan Ertzaintza eredua inposatu nahi duzue". 

Irudia: EH Bilduko Eneko Barberena.

EH Bilduk ere ertzain profila sartzearen aurka egin du, eta proposamena baztertzeko eskatu dio gobernuari, gaiaren inguruan eztabaida ahalbidetzeko. "Nahiago dugu udaltzain eredu hurbilago, inplikatuago eta komunitarioago bat, Iruñakoa edo Laudiokoa bezalakoa. Horretaz gain, hauteskundeen ataritan, ez da momentu apropos bat horrelako erabaki estrategiko bat hartzeko".

EAJKo bozeramaile Anuska Ezkurrak erantzun die, aldaketa horrek ez duela zuzenean ertzain bat jarriko udaltzainburu karguan. "Ertzain bat izan daiteke, edo agian ez. Hori lehiaketa egin ostean ikusiko da. Guk ahalik eta zerbitzu hoberena nahi dugu, eta egin duguna da hautagaien zerrenda zabaltzea. Gure ustez, hautagai gehiago lehian izateak profesionaltasuna areagotuko du". 

Eztabaidak eztabaida, botatzeko orduan, Udal Gobernuaren aldeko botoekin egin du aurrera LPZko aldaketak; EAJ eta PSE-EE alde, eta EH Bildu, Baleike eta Irabazi, aurka. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak