Kubari buruzko hiru erakusketa ikusgai Arrasaten

Amaia Zabala 2019ko ots. 1a, 19:19

Debagoeieneko Ezker Anitzak eta Euskadi-Cuba elkarteak elkarlanean Kubari buruzko hiru erakusketa antolatu dituzte Arrasaten. Gaurtik martxoaren 29ra bitarte izango dira ikusgai hiru erakusketak Ezker Anitzak Arrasateko Aldai kalean duen egoitzan, asteartetik ostiralera 18:30etatik 20:00etara.

1- Kuba: Sexu aniztasunaren iraultza. Lehen erakusketa hau gaurtik otsailaren 17ra bitarte izango da ikusgai eta Kubak azken hogeitamar urteetan bizitu duen sexu aniztasunaren aldeko iraultzaren inguruko argazkiek osatzen dute.

Salvador Gonzalez Euskadi-Cubako ordezkariaren esanetan "aurrerapauso handiak" eman dituzte azken urteetan esaterako eta bi adibide jarri ditu: "Batetik sexu aldaketak Gobernuak osorik ordainduak izatea eta bestetik konstituzioak sexu bereko pertsonen ezkontzak onartzea". Gaineratu du, lehen Kuba Hegoameriketako gainontzeko herrialdeak bezain "matxitsa" zela, ez zela salbuespena, eta Mariela Castro, Raul Castroren alabak zuzentzen duen CENESEX mugimenduari esker "aurrerapauso handiak" egin direla.

2- Emakumeak, elikadura subiranotasunaren protagonistak. Bigarren erakusketa hau otsailaren 18tik martxoaren 3ra bitarte egongo da ikusgai eta emakume kubatar eta euskaldunen esperientziak batuko ditu. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko lagunekin elkarlanean sortutako erakusketa da.

3- Kuba: Uharte solidarioa. Erakusketa ibiltaria da hau, Euskal Herriko hainbat herritatik barrena baitabil eta Arrasaten martxoaren 11tik 29ra izango da ikusgai. Kalvellido artista cadizatarrak egindako marrazkilariak diseinatutako taulek osatzen dute erakusketa eta bertan Kubak garapen herrialdean dauden edo hondamendi natural bat jasan duten herriekin izaten duen solidaritatea agertzen da. Egun esaterako, 45.000 mediku eta erizain kubatar daude munduko beste herrialdeetan laguntza eskaintzen, horietatik gehiengoa mendialdeko herri eta komunitateetan. Gonzalezen esanetan "garrantzitsua da gizarteak honen berri jakitea, askotan Kubaren berrik komunikabideen bidez soilik baitakigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak