Aurpegi eta ideia berriak Besaideko zuzendaritzan

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 1a, 13:32

Urtarrilaren 24an, batzar orokorra egin zuten Besaide MEko lagunek, eta bertan finkatu zuten etorkizunean elkartea gidatuko duen zuzendaritza berria. Zortzi kidek osatuko dute eta Eñaut Iturbek hartuko du Aitor Zubiagaren lekukoa presidente gisa

Besaide Mendizale Elkarteko zuzendaritza azalberritu egin da. Aurreko zuzendaritzakoek egindako deiak izan du erantzuna, eta pasa den asteko batzar orokorrean ofizialki finkatu zuten zuzendaritza berria. Hala, honako zortzi kide hauek osatzen dute: Eñaut Iturbe –presidentea–, Asier Uroz –presidenteordea–, Jokin Murgiondo –diruzaina–, Imanol Ibarra –idazkaria–, Jon Azkoaga –bokala–, Mertxe Exposito –bokala–, Iraitz Etxaburu –bokala– eta Olatz Igartua –ordezko bokala–. "Oso pozik gaude. Lantalde polita osatu da, eta lortu dugu jende berria erakartzea. Dei egin genuenean, esan genuen orain arte zuzendaritzan aritutako lagunon laguntzarik ez zaiela faltako. Euskaldunok ia beti betetzen dugu emandako hitza, aldamenean edukiko gaituzte laguntzeko prest, nahi duten beste", azaldu du elkarteko azken presidente Aitor Zubiagak.

Kargua hartu berritan, zera adierazi du Eñaut Iturbe presidente berriak: "Ateak zabalik izango ditugu jende eta ideia berriak sartzeko. Lehenik eta behin, aurreko zuzendaritzak egindako lana sakon aztertzea tokatzen zaigu, gure ekarpenak egiten hasi aurretik. Ilusioz gaude bide berriak egiteko eta gure helburuetako bat izango da ahalik eta jende gehienengana heltzea: haurrak, gazteak, emakumeak..."..

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak