Ur parkea egingo dute Santa Barbara parkean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 28a, 17:44

Urteetan "erabili barik eta egoera kaxkarrean" dagoen Santa Barbara parkeko beheko aldea, Munar ondoko gunea, berriztu beharra dagoela dio Udal Gobernuak, eta horretarako Haur Kontseiluak egindako proposamenak aintzat hartuta, ur parkea egiteko asmoa azaldu dute. Obrak aurten hasiko dituzte, eta 2020ko udan izango da parkea erabilgarri.

Ur parkea publikoa izango da, hau da, edonorentzako erabilgarri, nahiz eta bereziki zortzi urteko azpiko haurrentzako diseinatuta izan den, eta uda sasoian bakarrik izango da erabilgarri. Jolaserako tresnak eta egurrezko mahaiak ere izango direla azaldu du Maria Ubarretxena alkateak: "Taldean jolasteko gunea izango da, eta haurrek aukeratu dituzte zelako jostailuak edo tresnak izango diren, askotariko ur-txorrotak eta bestelako ur-jostailuak jarriko ditugu; eta horrez gainera, egurrezko mahaiak eta etzanda egoteko berdegunea ere bai".

Bidein enpresa ari da proiektuaren idazketa teknikoa egiten eta martxorako jasoko du Udalak, eta obren esleipena egin ondoren, obrekin lehenbailehen hastea da Udalaren asmoa, nahiz eta ur parkea 2020ko udarako izango den erabilgarri.

350.000 eurotako aurrekontua izango du Santa Barbarako parkeak, eta aurrera begira, beste ur parke bat eraikitzeko asmoa ere badutela aurreratu du alkateak: "Ekoboulevar proiektuaren barruan ari gara lantzen. Ur-parke hori ere erreka ondoan egongo litzateke, Etxe Txikien inguruan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak