Kulturateko klaustroan batutako herritarrak maiatzeko hauteskundeetara begira jarri ditu EH Bilduk. Maider Morrasek –Arrasateko alkategaiak– eta Juan Karlos Izagirrek –Gipuzkoako zerrendaburuak– hartu dute hitza, eta saioa hasi aurretik, MCCko eta Fagor Arrasateko egoitzak bisitatu dituzte.
Lurralde oreka, helburu
Bi hautagaiek hobetzeko dauden aspektuetan zentratu dute diskurtsoa. Izagirreren kasuan, Gipuzkoako eskualdeen finantza autonomia hobetzeko neurriak iragarri ditu. "40 milioiko poltsa jarriko dugu eskualde bakoitzak bere inbertsio nagusiak erabaki ditzan. Eurek dira eskualdeen beharrak hobekien ezagutzen dituztenak, eta eurei eman behar zaie hitza. Hemen, Debagoienean, kexak edukitzeko arrazoiak badituzue; kexak justifikatuta daude. Baina diru poltsa horrekin ziur zuen beharrak hobeto asetuko ditugula" azaldu du.
Menpekotasuna ere izan zuen hizpide, eta honako hobekuntzak iragarri zituen: "2015ean, Aldundia utzi genuenean, 700 lagun zeuden zaharren egoitzetara sartzeko itxaroren, eta bataz beste 129 egun behar izaten ziren horietara sartu ahal izateko. Orain ordea, 800 lagun daude, 200 eguneko itxaron zerrendekin. Hori konpontzeko, eta sektore horretako langileen baldintzak hobetzeko, inbertsioak egin dira, eta gu prest gaude horretarako".
Berdintasun tranbertsala
Maider Morrasek herriko komertzioarekiko kezka azaldu du lehen hitzartean, eta hori indartzeko beharra azpimarratu du ere bai. Horrez gain, berdintasunean hobetzeko beharrean ere jarri du fokua: "Berdintasunarena erronka bat da. Momentu honetan euskara, gazteria, kultura eta berdintasuna alor berdinean sartuta daude Udalean, eta uste dugu horrek ezin duela horrela jarraitu. Eta berdintasuna bereziki indartu beharra dago, eta arlo guztietan aplikatu: hirigintzan, kale seguruagoak lortzeko, zerbitzuetan, kulturan... berdintasuna lehenetsi beharra daukagu".
Arrasaterako proiektu zehatzak aurrerago azalduko dituztela ere esan du.