Berrikuntzen artean daude merienda osasungarria hiru egunetan, kantxa nagusian parkour gunea eta gazteendako eskaintza indartu izana. Hala, mahai jolasekin osatutako balio anitzeko espazioaz gain egunero izango dituzte ekintza bereziak. "Sukaldaritza hondoratua, zunba tailerra, Mihibero mahai-jolas erraldoia sexualitatea lantzeko eta elkarrizketa saioa Parkourraren bueltan diharduen lagun bati", jakinarazi du Iker Agirrek, Txatxilipurdiko kideak.
Urtea hasteko bainua
Igerilekuan zabalduko dituzte Txikilandiaren ateak urtarrilaren 2an, urte berria bainuarekin hasteko. 10:30etik 13:30era bitartean, Musakolako igerileku handian puzgarriak izango dituzte neska-mutikoek, baita gidatutako ur jolasak ere. Igerileku txikian, ostera, 6 urte arteko umeendako jolasak egongo dira. Arratsaldean, Uarkapen jarraituko du jolas giroak, eta urtarrilaren 3an eta 4an ere han elkartuko dira neska-mutikoak, goizez (10:30-13:30) zein arratsaldez (17:00-20:00).
Arrakastadun guneak indartu
Ipuin txokoak eta esperimentazio txokoak aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan hartuta egonkortzearen alde egin dute aurten. Hori horrela, ipuin txokoan irakurketaz gozatzeko aukeraz gain tailerrak egiteko aukera ere izango da umeen sormena lantzeko. Esperimentazio guneei dagokienez bi azpi-gune izango ditu: material naturalez egindako jostailuak dituena batetik, eta material ezberdinekin jostailuak sortzeko txokoa bestetik.
Horiez gain, egunero izango dira ipuin kontaketa –gune lasaian– eta karaokea –kantxa nagusian– 12:00etan eta 18:00etan (urtarrilaren 4 arratsaldean izan ezik).
Txikilandiari bukaera, ostera, jai giroan emango diote urtarrilaren 4an, 18:30ean. Umeek Irriak Plazan! ikuskizuna izango dute Uarkapeko pilotalekuan Martinber eta Tiritatxorekin; eta gazteek Diskofesta.
Prezioan aldaketarik ez
Nobedadeak ugari baina prezioan ez da izango aldaketarik.
Bonuen prezioak:
- 1 eta 3 urte arteko umeek: 5,50 euro
- 4 eta 12 urte arteko umeek: 9 euro
Sarreren prezioak:
- 1 eta 3 urte arteko umeek: 3 euro
- 4 eta 12 urte arteko umeek: 4 euro
- Ikuskizunera sartzeko prezioa: 4 euro
Topakide eta familia ugariko kideek 0,50 euroko deskontua izango dute hori baieztatzen duten agiria erakutsita.
Ander Garai zinegotzia pozik agertu da aurtengo eskaintzarekin: "Euskarazko parkea da, kirolaren eta aisialdiaren bueltan antolatutakoa, eta urtetik urtera berrikuntzak daudenez parke bizia da". Eta herriko ume guztiak gonbidatu ditu bertara: "Hiru egunetan 1.000 bat ume pasatzen dira. Animatu aurten ere bertaratu eta gozatzera".