Herri bazkarian 700 pertsonarendako lekua egongo da eta txartelak bihar, eguaztena, jarriko dituzte salgai, 18 eurotan, Bengoa, Irati, Kajoi eta Iluntz tabernetan. Doako autobus zerbitzua ere egongo da, 14:00etatik 14:45era Maalako biribilgunetik eta 17:30etik 18:30era Musakolatik itzultzeko.
Asteburu honetan bertan hasiko dira egitarauko ekintzak. Izan ere, artisautzarekin lotutako bi tailer egingo dituzte zapatuan Kulturaten –abenduak 15–: Txotxongilo tailerra eta familian egiteko xaboi eta ponpa tailerra. Lehenari dagokionez, klaustroan egingo dute, 10:30etik 13:30era. Plaza kopurua mugatua denez, aurrez eman beharko da izena, 717 714 933 telefonora mezua bidaliz, eguna bera baino lehen. Xaboi eta ponpa tailerra Loramendi gelan egingo dute eta hemen parte hartzeko ere izena eman beharko da, zenbaki berera mezua bidaliz, abenduak 15 baino lehen.
Bestalde, zapatu arratsaldean Sorgiñeketan...etan...etan ipuin kontaketa egongo da Kulturateko areto nagusian –17:30–. Beste hainbat ekintza ere egongo dira asteburu honetan –ikusi egitaraua–.
Pertsonaia mitologikoek ere ez dute hutsik egingo aurten. Urteroko bisitariak diren Olentzero, Txoronpio eta Txoronpiarekin batera, sorgina ere etorriko da Arrasatera. "Sendabelarretan aditua, osasun erremedioen jakintsu, basoa oso ondo ezagutzen duen emakumea da. Gauetan, aldiz, beste sorgin batzuekin batzen da akelarrean laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik. Hegaz etorriko da Arrasateraino, Txoronpia eta Txoronpiori laguntzeko".
Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna
Beste berrikuntzetako bat Deabru Beltzak antzerki taldearen Leus tambours de feu emanaldia izango da. Abenduaren 21ean eskainiko dute suzko kale antzerkia, 21:00etan, herriko plazatik abiatuta. "Apustua egin dugu. Espero dugu polita izatea eta jendeak disfrutatzea", azaldu du Gazteluk.
Txerria
Txerriari dagokionez, Kixki izena dauka aurtengoak, Aretxabaletako Galartza baserrikoa da eta 200 kilo inguru ditu. Urtero moduan, abenduaren 21ean aurkeztuko dute. Horrez gain, errifen salmenta eta zozketa ere egingo dute. 500 euroko saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei laguntza emateko balio dutela azpimarratu dute komisiñoko kideek.
Pilota partidua
Profesional mailako eskuz binakako pilota txapelketako partidu bat ere egongo da, urtero legez. Bengoetxea eta Imaz, Ezkurdia eta Galartzaren aurka ariko dira Uarkape Udal Pilotalekuan. Abenduaren 22an izango da hori, 18:00retatik aurrera.
*Abenduaren 23an, 12:30ean, Seber Altube plazan Herrixa dantzan dantzaldia Jainaga eta Narbaiza musikariekin.