Hotz hasi du MUk neurketa, eta ez da oso fin ibili defentsan lehen minutuetan, buruz burukoetan eta euren jokalari handiekin, batez ere. Laster, baina, bere erritmoa inposatuz joan da, eta egoera hobeak sorrarazi ditu, jaurtiketa errazagoak erasoan eta korrika egiteko espazio gehiago. Easoren jokalari garaienak faltak pilatu ditu, gainera, bigarren laurdenerako, eta min egin die horrek. Atsedenaldian 38-28 zen emaitza.
Hamar puntuko aldea, beraz; baina azken neurketetan ere gertatu zaie, aldagelara halatxu joan eta hirugarren laurdenetik aurrera errenta alferrik galdu eta partidua ez irabaztea. Gaur, ordea, ikasgaia ikasita atera dira, eta hirugarren laurdenean hautsi egin dute partidua. Eroso ibili dira, bai erasoan eta bai defentsan, eta 26 puntukoa izan da azkenean aldea.
Hurrengo neurketa Solaresen kantxan izango dute arrasatearrek; nahiz eta sailkapeneko azkenak izan, partidu asko gutxigatik galdu dituzte, baina irabazi beharreko partidua da MUrentzat, sailkapenean goian egon nahi badute.