Eneko Barberenak hartu du hitza, Arrasateko EH Bilduren egungo bozeramaileak. "Duela lau urte ez genituen behar bezalako emaitzak lortu. Urte hauetan gogor egin dugu lan horiek gainditu eta etorkizunean ikusi nahi dugun Arrasate irudikatzeko eta egikaritzeko. Orain, garai berri bati ateak ireki nahi dizkiogu".
Gaineratu du eraberrituta eta ilusioz ekingo diotela prozesu honi. "Aurkezten zaigun erronka ez da erraza, baina eraberrituta, ilusioz eta gogotsu gaude lan egiteko. Konbentzimendu osoz diogu Arrasate hobe bat posible dela eta horretan lanean jarraituko dugula datozen hilabeteetan".
Abenduan zehar, alkate izateko hautagaiak aurkezteko epea egongo da, eta horretarako, Arrasateko Bilkideek berretsitako hauteskunde mahaiak bermatuko ditu gardentasun eta legaltasun irizpideak, EH Bilduren estatutuek markatzen duten bezala.
Bestalde, gogoratu gura izan dute EH Bildu ez dela zerotik hasten, eta lan handia egin dela EH Bilduk gaur egun duen heldutasun politikoa izateko. "EH Bildun badugu urte luzeetako esperientzia instituzionala. Udalgintzan arituak gara eta horren adierazle gara hemen gaudenok eta gurekin ibilitako pertsonak. Hau baita EH Bilduk urte askotan batutako esperientzia eta kapital politiko zein soziala".
Parte hartzeko deia
Diote Arrasate herri aberatsa dela bere aniztasunean, eta ibilbide luzeko ekarpen soziala egin duela. Hori dela eta, hautagaia aniztasun eta ibilbide horren isla izatea gura dute.
Bukatzeko, prozesuan parte hartzeko deia egin diete EH Bildurekin bat egiten duten pertsonei, edo noizbait bat egin eta huts egin dietela uste duten horiei. Hiru bide jarri dituzte horretarako: 644 29 85 87 Whatsapp zenbakia, elkarrekin.ehbildu.eus ataria eta arrasate@ehbildu.eus helbide elektronikoa.