Jendetza batu da Arrasaten, indarkeria matxistaren aurka

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 25a, 19:53

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta, manifestazioa egin dute Arrasaten, Justizia patriarkalaren kontra, gu gara manada lelopean, Arrasateko mugimendu feministak antolatuta. Herritar ugari bildu dira Seber Altube plazan, eta aldarrikapen feministez busti dituzte Arrasateko kaleak. Bukaeran, plazan, adierazpen bat irakurri dute mugimendu feministako kideek. Bestalde, estatu mailan 2018an erail dituzten 43 emakumeen omenez, beste horrenbeste kandela jarri dituzte plazan.

"Emakumeak hiltzen jarraitzen dute, gizarteak onartzen duelako, eta honen gakoa gizartearen antolamendua da, patriarkatua, zeinek ahalbidetzen duen gizonezkoak emakumezkoen gainetik egotea", azaldu du Arrate Landak, Arrasateko mugimendu feministako kideak.

Nabarmendu du "esan beharreko guztia" esanda dagoela, mezua helarazita dagoela, eta aldarrikatu du "orain gauzak egiten hasteko momentua" dela. "Batetik, gizonezkoak hasi beharko dira euren buruari galdetzen ea patriarkatuak emandako rolarekin gustura dauden eta nola ikusten duten euren burua hor. Bestetik, instituzioak euren erakunde guztiak aztertzen hasi beharko dira, epaitegietatik hasita, noski, eta generoan hezten hasi. Ea horrela patriarkatuan oinarrituta dagoen gizarte antolamendu hau apurtzen dugun".

Bukatzeko, gaineratu du heteropatriarkatuak gizarteko estamentu eta pertsona guztiak zeharkatzen dituela. "Antolamendu honekin jarraitzen dugun bitartean, emakumeok arriskuan egongo gara. Beraz, guztion lana izango da honekin bukatu eta beste gizarte antolamendu bat sortzea. Hori lortzen den bitartean, emakumeei sinistu egin behar zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak