Momiarekiko ikusmina, arrakastaren berme

Xabi Gorostidi 2018ko aza. 13a, 15:09

Europako Ondarearen Jardunaldien baitan, bisita komentatua egin dute Arrasate Zientzia Elkarteko kideek. Hiru atal nagusi izan ditu bisitak: Kanpatorpean egindako azken indusketak, San Juan Bataiatzaileari buruzko xehetasunak eta Amandre Santa Inesen momia. Herritarrek adi-adi entzun dituzte azalpenak, eta momia bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izan dute.  

Gaurko bisitaren arrakasta zenbakitan neurtzeko zifra adierazgarria eman du honen hasieran Arrasateko Udaleko Kultura Saileko teknikari den Jon Garaik: "40 laguneko zifrara mugatu dugu bisita, baina beste 48 lagun geratu dira itxaron zerrendan. Laster erabakiko dugu horiekin zer egin, baina ziurrenik era honetako beste bisita bat antolatzearen alde egingo dugu. Arrakastatsua izan dela esan dezakegu, eta oso pozgarria da hori antolatzaileentzat". 

Bisita hasieran, AZEko kide den Xabier Bengoak hartu du hitza. Kanpatorpean egindako indusketen helburuak eta emaitzak zeintzuk izan diren azaldu ditu, eta jarraian testigua pasa dio Ana Isabel Ugalderi. [Indusketen eman dutena sakonago jakiteko, egin klik hemen].

Gaur egungo parrokiaren aurretik eliza xumeago bat izan zela azaldu du –baliteke egurrezkoa izatea–. XV. mendean Arrasateko kontrola bereganatzeko lehia bizia izan zen jauntxoen artean, eta horren eraginez sute handi batek herria kiskali zuen, tartean baita eliza ere. "Garibaik idatzitakoaren arabera eliza osoa kiskali zen, eta ez zen libratu; ezta organoa ere". Ostean gaur egun ezagutzen dugun eliza eraiki zuten, handiagoa eta erresistenteagoa zena. Elizak dituen bi berezitasun ere azpimarratu ditu: Kanpandorrea kantoiaren gainean eraikita duela, eta San Juaneko solstizio egunean eguzkiak santua argiztatzeko proportzioekin eraiki zutela. 

Bisitaren azken partean AZEko Jose Angel Barrutiabengoak hartu du hitza, Amandre Santa Inesi buruzko xehetasunak emateko. "Espainiar Estatu mailan dauden momien artean hobekien kontserbatuen artea dago gurea. Gugandik gertu badaude beste batzuk: Donostian, Elorrion... baina ez daude hain egoera onean" esan du hitzaldi hasieran.

Usteldu gabe eta momifikazio egoera iraun izanak santu edo mirari ukitua eman ziola azaldu du, eta osasun ona izateko harengana jotzen zuten fededunek. "Batzuek oihal zati txikiak kentzen zizkioten ohean jartzeko, edo arropatan jartzeko". Urte luzez elizako erakargarri bat gehiago izan zen, 1946 Iñarra abadeak bertatik kentzea erabaki zuen arte; haren ustez ez zen ez amandre, ez santu, eta elizako leku gordeago batera lekualdatu zuen. Amandres Santa Inesi buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, ez galdu astelehenean Goiena Telebistako Hemen Debagoiena saioa –18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan emitituko da–, bertan hari buruzko azalpenak batzen dituen erreportajea egongo baita ikusgai.  

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak