Santiago ermita zenari lotutako hilobi bat aurkitu dute

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 9a, 12:12

Arrasaten, Gesalibar auzoan dagoen Enusketa baserri ondoan, garai batean Santiago ermita zenaren arrasto bat aurkitu du Arrasate Zientzia Elkarteak. "Eraikinaren arrastorik ez dugu aurkitu, baina bai berari lotutako hilobi bat", azaldu du Josu Etxezarraga arkeologo eta historialariak. Horrekin batera, erromatar garaiko zeramika pieza batzuk ere aurkitu dituzte.

IX. eta XII. mende artean egin ohi zituzten hilobi estilokoa da, baina oraindik ez dakite zehazki ze mendetakoa den. "Iaz San Bixenten aurkitu genuen hilobiaren antzekoa da", dio Etxezarragak.

Aurkitu duten hilobia, eta barruan burezurra.

Harlauzaz egindako hilobia da, eta haur baten burezurra dago barruan. "Estalpe gabe denbora asko egin du gorpuak, eta baldintza klimatologikoen ondorioz, desegin egin dira hezurrak. Hala ere, burezurra nahiko osorik dago. Izan ere, hilobiko harlauza bat buru gainean du, eta nolabait babestu egin du. Horregatik kontserbatu da hobeto. Burua mendebaldera begira dauka, eta hankak ekialdera. Horrez gain, besoetakoak izan daitezkeen hezur batzuk ere aurkitu ditugu, baina oso deseginda daude", adierazi du Etxezarragak.

Kokapenari dagokionez, garai batean Erenusketa izenarekin agertzen zen elizate edo herrixka bat zen, gutxienez XIV. mendera arte iraun zuena. "1353. urtean Arrasateko hiribildura batu ziren Garagartza, Uribarri, Gesalibar eta abar, eta horien artean Erenusketa ere bai. Gero desagertu egin zen herrixka moduan, baina bagenuen zantzu bat hori herrixka bat izan zela. Ez dakiguna da noiz sortu zen". 

Zeramikazko pieza

Leku berean beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin dute, izan ere, hilobia eraiki zen buztin horretan erromatar garaiko zeramikazko pieza batzuk topatu dituzte. "Asentamendu hau askoz ere lehenagokoa dela frogatzen du horrek. Hala ere, ez dakigu erromatar garaiko ze urtetakoak diren, ezta erromatar garaiaren eta Goi Erdi Aroko hilobi horren artean zer gertatu zen ere. Izan daiteke erromatar garaiko asentamendu horiek denboran irautea eta ondoren elizak eraikitzea, baina ez dakigu oraindik".

Aurkitu duten zeramikazko piezetako bat.

Indusketekin jarraituko dute

Oraingoz, miaketa txiki bat besterik ez dute egin, eta zabalean induskatu arte, ez dute informazio gehiagorik izango. "Asmoa da indusketak egiten jarraitzea, jakiteko benetan zer zen, ermita nolakoa zen, ea hilobi gehiago dauden eta nolakoak diren, eta aurreko asentamendu hori nola garatu zen. Gainera, lekua oso aproposa da indusketak egiteko eta gainera bizilagunek ez dute trabarik ipini".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak