Etxez etxeko langileek lortu dute akordioa, lau hilabeteko grebaren ostean

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko urr. 22a, 14:31

Aurrerantz enpresarekin sinatu zuten egubakoitzean aurreakordioa Arrasateko etxez etxeko langileek, eta gaur eman dute horren berri eguerdian egindako prentsaurrekoan. Hitzarmen "propio" bat sinatu dute eta diote "garaipen izugarria" izan dela, enpresarekin akordioa sinatzeaz gain, Udalarekin ere "konpromiso zehatzak" lortu dituztelako.

Arrasateko etxez etxeko langileek sinatu dute aurreakordioa, lau hilabete greban egon ostean. Lehen, estatuko hitzarmen bat aplikatzen zitzaien langileei, eta orain, euren esparrurako balio duen hitzarmen bat lortu dute, erreformen aurkako klausula guztiekin eta hitzarmena aplikatzeko bermeak ematen dizkien klausulekin.

Zehaztutako puntuak

Aurrerantz enpresarekin sinatu zuten egubakoitzean aurreakordioa eta gaur eman dute horren berri eguerdian egindako prentsaurrekoan. Diote lortutakoa "garaipen izugarria" izan dela eurendako, enpresarekin aurreakordioa sinatzeaz gain, Udalarekin ere "konpromiso zehatzak" lortu dituztelako.

Deba eskualdeko eta Urola kostako Ongizate zerbitzuetako ELAko arduradun Janire Diazek aurkezpenean esan du hauek direla adostu dituzten puntuetako batzuk: "Soldata igoera nabarmenak izango dituzte; ordua zortzi euro inguru kobratzetik, hamaika kobratzera pasako dira 2018an. Bajak %80an kobratuko dituzte lehenengo egunetik, orain ez bezala. Plus berriak ere sortuko dira; garraio plusa, desplazamendua, baserrietara jo behar dutenentzat plusa...".

Gaineratu dute eurendako "oso garrantzitsua" den beste puntu bat ere lortu dutela: lan orduak modu berdintsuan banatuko direla langile guztien artean. Diote horrek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituela langileen lanaldiei eta ordu poltsei dagokienez.

Ordu publiko gehiagoren alde

Horrez gain, aurkezpenean adierazi dute langileek dituzten ordu pribatuak ordu publikoetara bideratzen ere saiatzeko konpromisoa hartu duela Udalak. Eta langileek hala eskatuta, langileen ordezkariekin eta enpresarekin, etxeko laguntzatik sortzen diren orduak kudeatu eta horiei jarraipena egiteko komisioa sortuko dela ere azaldu dute.

Balorazioak

Etxez etxeko langileek esker hitzak izan dituzte, herritarrengandik jaso duten babesarengatik. Hauxe esan du etxez etxeko langileen ordezkari Karmele Loitik: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Arrasateko herriari, manifestazioetan eta bestelako ekintzetan babes handia erakutsi digutelako, eta hori guretzat oso inportantea izan da".

Langileak, beraz, pozik daude lortutakoarekin, eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxena ere halaxe agertu da. Dena den, adierazi du baita ere, sentsazio gazi gozoarekin dagoela gai honi dagokionez: "Gozoa, zergatik? Akordio bat lortu delako eta hori oso positiboa da. Gazia, zergatik? Udaletik lehenengo momentutik langileek eurek kooperatiba bat sortzearen alde egin dugulako. Guk dagoeneko gainera, Elkarlan elkartearekin informazioa landuta geneukan, etxeko laguntza zerbitzuak emateko kooperatibak beste Euskal Herriko leku askotan sortuak dira Elkarlanek lagunduta... orduan bageneuzkan horrelako ereduak, guretzako aukera paregabea zegoen Arrasaten horretarako eta ez da izan posible. Baina behintzat konponbide bat eman zaio eta horretan pozik gaude", azaldu du Ubarretxenak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak