Langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko duela dio LABek

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 23a, 15:06

Arrasateko etxez etxeko langileek eta Aurrerantz kooperatibak lortutako akordioaren aurrean LABek eskerrak eman gura izan dizkie mugimendu feministari, pentsiodunei eta "langileen ondoan" egon diren hainbat alderdiri, besteak beste, EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi.

LAB sindikatuak honakoa adierazi gura izan du:
 
"Lehenik eta behin, langile grebalariei zorionak eman nahi genieke. Clece-ren itxikeri eta Udalaren inoperantzia eta arduragabekeriaren aurrean borroka ireki eta hauek mugiarazteko gai izan direlako.
 
Beste alde batetik, Debaldea eskualdeko mugimendu feministari eskerrak eman nahi diogu. Eurek egindako ekarpena, erabakigarria izan dela deritzogu. Gatazka honek, helduleku asko ditu. Langileen esplotazio kasu baten aurrean egoteaz ezezik, genero diskriminazio baten aurrean ere bagaude. Zergatik ordaintzen dira emakumeok egikaritzen ditugun lanak, gizonek egikaritzen dituztenak baino baxuago? Akordio honekin, langileen soldatak igoko dira eta oraindik urratzeke dagoen bidea egiteko abiapuntu positiboa da garaipen hau.
 
Eskerrak pentsionistei ere, beste behin ere pentsio duinen aldeko borroka eta lan baldintza duinen aldeko borroka txanpon beraren bi aldeak direla erakusteagatik eta langile grebalariekin bat egiteagatik.
 
Eskerrak eman nahi diegu baita ere, Arrasateko EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabaziri, gobernu batzordea osatzen duten PNV eta PSE ez bezala, behar zenean langileen ondoan egoteagatik.
 
Langileek egindako hilabeteetako grebatik ere, hainbat irakasgai ateratzen ditugu. Greba, langileek duten bitartekorik gogorrenetakoa izanik, LABek grebak sustatzen dituenean defendatzen duen eredua hauxe da: langileentzako ahalik eta sakrifiziorik txikiena eta patronalarentzako ahalik eta minik handiena. Uste dugu, greba, ahalik eta eraginkorrena izan dadin, beste borroka molde batzuekin uztartu behar dela. Greba hau oso gogorra izan da inongo diru sarrerarik gabe egon den grebalarientzat.
 
LAB sindikatuak langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du. Horren adibide da urriaren 26an, Gipuzkoako Helduen Egoitzetan deitua dagoen greba eguna. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak