Gaztelupe guneak greba araudi propioa izango du

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 19a, 13:07

Otsailean oihartzun handia izan zuten Arrasaten Arizmendi ikastolako greba araudia aldatzeko Ikasle Abertzaleak taldeak egindako mobilizazioek. Araudi berria onartu berri dago, eta protestak egin zituztenek eta Ikastolako arduradunek ontzat jo dute.

Otsailean zalaparta handia atera zuen gaia izan zen Arizmendi Ikastolaren greba araudiaren berritzea. Ikasle Abertzaleak taldeak mobilizazioak hasi zituen eskakizun batzuk lortzeko, eta, besteak beste, manifestazio nazionala egin zuten Arrasaten otsailaren 22an.

2017-2018 ikasturtean, Arizmendi barruan barne prozesu bat jarri zuten martxan araudia berritzeko, eta bertan, ikasleen ordezkariek, ikastolako arduradunek eta gurasoek parte hartu zuten. Ikasleen ordezkariek ohar bat kaleratu zuten esanez IAren mobilizazioekin bat egiten ez zutela. Horren harira, Askapenak eta Arrasateko Gaztetxeak babesa eman zieten mobilizazioei eta, besteak beste, Sortu, EH Bildu eta LAB deialdi nazional horren aurka azaldu ziren.

Hala, iraileko bileran, Arizmendiko kontseilu errektoreak onartu egin ditu greba araudi berriak; lehen, araudi bakarra zegoen Arizmendiko guneentzat, eta orain, Almenek eta Gaztelupek araudi propioak edukiko dituzte. "Kontseilu errektoreak estimatu zuen ondo egina zeudela bi guneetako barne prozesuak. Bateko eta besteko araudien artean ezberdintasun txikiak zeuden, baina horiek zentroetako errealitateei erantzuten dietenez, bi araudi onartu genituen", azaldu du Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusi den Joseba Iñaki Etxezarretak.

Bi alde nagusi daude bataren eta bestearen artean: Gaztelupen DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleek egin ahalko dituzte grebak, eta Almenen, aldiz, batxilergokoek bakarrik. Horrez gain, Gaztelupen desbinkulazio aukera kendu egin dute.

"Pozik gaude araudi berriko lorpenekin; borroka eginez helburuak lor daitezkeela erakutsi dugu eta", adierazi du IAko kide Gorka Etxabek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak