Ekitaldi sinbolikoa etorkizuneko Musika Etxea martxan dagoela irudikatzeko

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 11a, 06:54

Juan Arzamendiren familia kideek, Musika Eskolako erabiltzaileek –Arrasate Musikal eta Goikobalu–, Arrasate Zientzia Elkartekoek eta herriko politikariek hartu zuten parte atzo arratsaldeko ekitaldian. Bakoitzak bere arloko dokumentu bat sartu zuen kutxa batean, eta ondoren denen artean lurperatu zuten. 

Juan Arzamendi Musika Etxea birgaitze prozesuan dago sartuta bete-betean, eta errealitate bihurtzetik gertuago dagoela aprobetxatuz, ekitaldi sinbolikoa egin zuten atzo.

Arzamendiren familiko hiru belaunaldi bertan izan ziren –emaztea, semeak eta bilobak– eta eskertuta eta hunkituta daudela adierazi zuten. "Familiako kideok asko eskertzen dugu etorkizuneko Musika Eskolari aitonaren izena jartzea, eta ziur ere aitonak asko eskertuko lukeela. Familiaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu izena jartzeko ekimena martxan jarri zutenei, eta baita botoa eman zuten guztiei ere" azaldu Juan Arzamendiren biloba den Markel Arzamendik. 

Irudia: Arzamendiren emaztea eta semea, kutxan dokumentuak sartzen. 

Segurtasunezko kasko zuriak jarri ostean, eraikinaren barrualdean hasi zuten ekitaldia. Bertan, aldez aurretik egindako zulo bat eta kutxa bat zeuden, eta ekitaldiko partaideek euren ekarpenak sartu zituzten kutxa horretan. Hori egin aurretik, ordea, Arrasate Musikaleko txistulari diren Juan Carlos Larreategik eta Domench Ucinek Minueto eta dantza pieza interpretatu zuten. 

Arzamendiren familiakoek Arrasateko Musika Bandaren 1960 urteko argazki pare bat, eta San Juan ereserkiaren moldaketa bat sartu zituen. Goikobaluren izenean Juan Antonio Barriocanalek Oihuska abestiaren partitura –Arzamendik konposatutakoa–, eta abesbatzaren argazki sartu zituen kutxan, eta Arrasate Musikalen izenean Marta Izagirrek euren ereserkiaren partitura bat sartu zuen. 

Udalaren izenean Maria Ubarretxenak udalbatzako bi akta sartu zituen; Musika Eskolaren birgaitzea egiteko proiektuari onespena eman zitzaiona, eta lanak esleitu zirenekoa. Aipatzea ere EH Bilduko bi zinegotzi, eta PSE-EEko eta Baleikeko ordezkari bana ere egon zirela atzoko ekitaldian. 

Behin kutxa oroigarriz bete ostean, lurpean sartu zuten eta partaide guztiek lur palakadak bota zituzten estalita geratu dadin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak