Urriko osoko bilkuran akordio zabala lortu da herriko ikurren parekidetasuna lortzeko. Gaia mozio bidez jarri du mahai gainean Baleikek, eta adierazpen instituzional gisa onartu dute, beste alderdiekin testu bateratu bat adostu ostean.
Alderdi moreak osoko areto bilkura jartzen zuen parekidetasun faltaren adibide gisa. Bertan, Arrasateri ekarpenak egin dizkioten hiru gizonezkoren erretratuak daude gaur egun; Esteban Garibai, Pedro Biteri eta Maisu Arano. Horrez gain, Arizmendiarrietaren Lagunak elkartekoek hitza hartu dute gaurko osoko bilkuran, "herrian arrasto sakona utzi zuen" abade markinarraren erretratua gela horretan jartzea esakatzeko.
Irudia: Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteko kide Miguel Angel Lazpiur, zinegotziei erretratua jartzeko proposamena egiten.
Baleikekoek bazekiten eskari horren berri, eta prentsa oharra igorri zuten pasa den astean gaiari buruz egiten zuten planteamendua azaltzeko. Ostean, gainontzeko alderdien onespena lortu zuten, hauen ekarpenak kontuan hartu ostean –EAJrenak eta EH Bildurenak–. Hala, ondorengo sei neurriak hartuko ditu Udalak:
- Aditu talde bat eratuko da aitortza merezi duten Arrasateko emakumeen zerrenda bat egiteko, eta ostean, herritarrek horien artean gustukoena botatuko dute.
- Aitortzak ez dira soilik norbanakoenak izango, baita kolektiboak ere.
- Diagnostiko bat egingo da, genero ikuspegitik, espazioaren memoria eta aitortza erabileraren inguruan.
- Berrikusketa feministak, besteak beste, kaleak, estatuak, plazak, edo eraikin publikoak hartuko ditu kontuan.
- Lanak egiteko baliabide ekonomikoak 2019rako aurrekontuan sartuko dira.
- Eta, azkenik, osoko bilkura aretoan emakumezkoen eta gizonezkoen erretratu kopuru bera egongo da.
Polemika ordenantza fiskalekin
Bestalde, onartuta geratu da Udal Gobernuak 2019rako egindako ordenantza fiskalen proposamena.
[Udal Gobernuak onartu duen ordenantza fiskalen proposamena ikusteko egin klik hemen]
Oposizioak salatu du euren proposamenak ez direla kontuan hartu, batez ere, progresibitateari lotutakoak.
[Oposizioaren izenean Juan Luis Merinok irakurritako interbentzioa irakurtzeko egin klik hemen]
Jarraian, puntua botatu aurretik, eserlekutik altxatu, eta osoko bilkuratik atera dira oposizioko zinegotzi guztiak, "protesta seinale gisa".
Irudia: EH Bilduko zinegotziak aretotik irteteko unean.
EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu dira ordenantzak, eta bi alderdiek oposizioak izan duen jarrera kritikatu dute.
Irudia: Puntua botatu aurretik, oposizioko zinegotzien eserlekuak hutsik zeuden.