Udal zergak eta tasak, igoerarik gabe

Xabi Gorostidi 2018ko ira. 19a, 13:43

Hori proposatuko du Udal Gobernuak 2019ko ordenantza fiskaletara begira. Udalak bizi duen finantza egoera "aproposak" hori egitea ahalbidetzen diela azaldu dute, eta horrez gain, hobari batzuk handitzea ere proposatuko dute. Urriaren 2an egingo den osoko bilkuran botatuko dituzte neurriak, eta ordura arte oposizioko alderdiek ekarpenak egin ahalko dituzte.

Arrasateko Udal Gobernuak zergak eta tasak bere horretan mantentzea proposatuko du. Udal tasetan eta zergetan ez dute igoerarik aplikatuko, eta horrez gain, hobari batzuk igotzea ere jasotzen dute ordenantza fiskaletarako proposamenean.

Udalaren finantza egoera aproposa dela nabarmendu dute. Aurtengo aurrekontuetan Udalak zeukan azken mailegua guztiz ordainduta geldituko da, zero zor egoera lortuz, eta Udal Gobernuko ordezkariek azaldu dute horren eraginez posible izan dela zergak eta tasak ez igotzea.

Zergak eta tasak mantentzeaz gain, hobari batzuk igotzea proposatuko dute, eta horietako asko herriko merkatarien mesederako izango direla azaldu du ogasun zinegotzi den Ander Garayk. "Garrantzitsuenak komertzio bultzatzeko hobariak dira. Alde zaharreko komertzioetan birgaitze lanak egiteko hobariak igo nahi ditugu, %55tik %75era. Horrez gain, norbere etxean negozio bat jarri nahi duenarentzat, tasak bateratu ditugu, eta %95eko hobaria izango dute jarduera irekiera tasan".

Aipatutakoez gain beste hobari hauek ere egitea planteatuko dute.

  • Zabor tasarekin lotuta, herrian dauden aseguru etxeek gutxiago ordainduko dute, aholkularitza enpresek ordaintzen duten pare.
  • Udal baserrien katalogoan dauden baserrietan –lurzoru ez urbanizatuan daudenetan–, adibidez, konponketa lanak egiteko %50eko hobaria jarri nahi dute obra hasteko tasan, eta teilatua berriztuz gero, hobaria %95ekoa izango litzateke.
  • Hiri barruko eraikinak berritzeko hobari berriak ere ezarri nahi dituzte.
  • Eraikinen eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta bizigarritasun baldintzak hobetzeko, %95eko hobaria planteatzen dute eraikinaren alde guztiak berrituz gero –irisgarritasuna hobetzen ez bada %75ekoa. Alde guztiak berritzen ez diren kasuetan –fatxada bakarrik berriztuz gero, adibidez– hobaria %50ekoa izango litzateke. Eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzen ez duten lanek –fatxada margotzea, adibidez– %25eko hobaria izango dute.

Ordenantza berria 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeko, urriko osoko bilkuran botatuko dute ordenantza berriaren onarpena. Oposizioko alderdiek joan den astetik dute mahai gainean Udal Gobernuaren ordenantza proposamena eta, urriaren 2ra arte, aukera izango dute euren ekarpenak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak