'Ausortu', gazteentzako sormen laborategiak, Ttak eta Txatxilipurdiren eskutik

Maialen Regueiro 2018ko urr. 1a, 17:54

Ausortu ekimena 15 eta 19 urte bitarteko gazteei diziplina artistiko ezberdinetara hurbiltzeko eta horietan trebatzeko eta sormena lantzeko jaio den egitasmoa da. Ekimen nau Ttak eta Txatxilipurdik antolatu dute elkarlanean eta lehen edizio honetarako, lau diziplina artistiko aukeratu dituzte: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika. Horiek lantzeko, Arrasateko, bailarako eta Euskal Herriko artista erreferenteak izango dituzte.

Lau hitzordu

Lehen hitzordua urriaren 20an izango da eta arte plastikoak landuko dira, Helena Azkarragaurizar eta Joana Manzisidorrekin. Pintura eta marrazketa saio bat izango da. Bigarren hitzorduan ikus-entzunezkotan adituak diren Ekaitz Filarmendi eta Itziar Bastarrika arituko dira, urriaren 27an, hain zuzen ere. Kasu honetan, argazkigintzan murgilduko dira. Arte eszenikoak izango da hirugarren hitzorduko gaia eta Kepa Errasti izango da gazteekin arituko dena. Antzerkiaren mundura gerturatzeko aukera egongo da azaroaren 10ean. Azkenik, Izaro Andres izango da musika diziplinaren ordezkaria, azaroaren 24an.

Izen-ematea

15 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ekimena da eta hitzordu bakoitzean parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da. Izena emateko azken egunak, saioa baino aste bete lehenago izango da: urriak 12, urriak 19, azaroak 2 eta azaroak 16, hurrenez hurren. Izena emateko moduak honakoak dira: Txatxilipurdi (943795446) edo AED (943771228).

Prezioa

Saio bakarrean parte hartu nahi duenak 15 euro ordaindu beharko du, baina norbaitek lauetan parte hartu nahi badu, 50 euro ordaindu beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak