Hileta zibilen gaian "ezer ez egitea" leporatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Xabi Gorostidi 2018ko ira. 21a, 14:04

Azaroan hileta zibilak egiteko leku estali baten aldeko 1.769 sinadura aurkeztu zituzten. Gaia OZMA batzordeari dagokio, eta bertara hamar herrietako araudiak eta lau kokaleku eraman arren, batzuetan ez dute erantzunik jaso, eta besteetan, aldiz, ezezko borobilak. "Zoritxarrez negu berri bat dugu hor bueltan. Soluzioak behar ditugu, ez denbora irabazteko trikimailuak".

2017ko urrian hileta zibilak egiteko leku estali baten beharra kuantifikatzeko ekimena jarri zuen martxan EH Bilduk. Euren ustez, gero eta herritar gehiagok egiten dute era horretako agurren alde, eta leku estali baten beharra sumatzen zuten, bereziki, bi kasu hauetan: eguraldi txarra egiten duenerako, eta intimitatean jende gutxirekin egin nahi dutenentzako. Aurrez, aurrekontuetako emendakin bidez proposatu zuten gaia, baina ezezko erantzuna jaso zuten.

Sinadura bilketa hilabetez egon zen martxan, eta amaitzerakoan 1.769 firma batu zituzten. Horiek BAZen aurkeztu ostean, Udal Gobernutik gaia dagokion batzordean –OZMAn– landuko zutela adierazi zuten. 

Atzo prentsaurrekoa

EH Bilduko ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten atzo, gaiak blokeatuta jarraitzen duela salatzeko. "Apirila izan zen gaia batzordean jorratu genuen azken aldia. Urte bete honetan tiraka aritu gara udal gobernuak gaia bere egin dezan. Oscar Garciak, OZMAko batzordeburuak, esan digu hainbat aldiz gaia landuko zuela, baina, zoritxarrez, baiezta dezakegu helburu bakarra zuena: denbora irabaztea. Ez da ezer zehatza eztabaidatu ahal izan EH Bilduk behin eta berriz eskatu artean".

Gaiarekin jarrera "irekia" izan dutela azpimarratu zuten atzokoan. "Hasieratik esan genuen ez genuela eztabaida kokaleku jakin batean zentratu nahi. Gure partez, hamar herritako araudiak eraman ditugu batzordera. Baita lau kokaleku posible ere: San Frantzisko Eliza, Santa Teresa Eliza, Ereindajanen lokal ohia –Euskararen Plazakoa– eta Gelmako eraikina. Batzuetan ez dugu erantzunik jaso, eta besteetan ezezko borobilak".

"Egia da Aldaiko agertokiaren porlanezko eserlekuaren gainean egurrezko oholak jarri dituztena, baina gure iritziz hori ez da nahikoa. Leku duin bat aldarrikatzen dugu, eta 1.769 sinadurek ere bai. Herritarrek borondatea adierazi zuten euren izen-abizenez, eta erantzun bat behar dute; gobernuari gustatu ala ez. Zoritxarrez negu berri bat dugu hor bueltan. Hotzez eta euripean, ez da pertsona bat agurtzeko modurik egokiena. Soluzioak behar ditugu, ez denbora irabazteko trikimailuak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak