Hileta zibilen aldeko hautua gero herritar gehiagok egiten dutela ikusita, EH Bilduk leku estali bat egokitzeko asmoa zuen 2015ean, baina hauteskundeak galdu ostean, 2016 eta 2017 urteetako Udal aurrekontuetan planteatu dute gaia emendakin bezala.
"Udal gobernuatik jaso dugun erantzuna izan da herrian ez dagoela horretarako eskaririk, eta hori kuantifikatzeko asmoz abiarazi genuen sinadura bilketa" azaldu du Eneko Barberenak.
Urriaren 25ean hasi zuten bilketa, eta azaroaren 25era aritu dira sinadurak batzen. "Askotariko pentsamoldeak eta sinismenak dituen jendea hurbildu zaigu, sinestunak, sinesgabeak, kristauak, musulmanak, ... guretzako erronka bat zen jendarteko eskari hau kuantifikatzea, baina erantzuna ikusita, eskerrak ematen dizkiogu ekimenarekin bat egin duten herritar guztiei".
Udal gobernuaren zain
Behin sinadurak aurkeztuta Udal Gobernuaren txanda dela uste dute EH Bildutik. "Guk behar hori kuantifikatu dugu, eta orain Udal Gobernuari dagokio egoera aztertzea. Guk ez dugu leku konkreturik proposatzen, zabalik gaude edozein aukeratara. Akordiotara heltzeko unea da, eta espero dugu udal gobernuak eskaria kontuan hartzea".