Debagoiena Nikaraguarekin plataformak kontzentrazioa deitu du hilaren 20rako

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko ira. 18a, 13:06

Nikaraguak bizi duen "krisi soziopolitiko sakonaren" aurrean Debagoiena Nikaraguarekin plataforma sortu berri dute bailaran. Giza eskubideak defendatzea eta bakea berrezartzen laguntzea da plataformaren asmoa. Nikaraguako egoeraren berri emateko hainbat ekintza egingo dituzte. Horietako bat eguenean izango da, kontzentrazioa egingo dute Seber Altube plazan.

Sortu berri duten plataforma 40 bat lagunek osatzen dute; sortzez Nikaraguarrak dira batzuk, eta Nikaraguan kooperante ibili direnak beste batzuk. "Debagoienetik, Nikaraguan presentzia dugun eta bertako herritarrekin harreman historikoa izan dugun hainbat erakunde, pertsona eta kolektibo solidariok bat egiten dugu elkarri eta konpromiso horrekin", azaldu dute prentsaurrekoan.

Nikaragua krisi soziopolitiko sakona bizitzen ari da, eta egoera larria da apirilaren 16tik aurrera. "Herritarren gehiengoak krisi horretatik modu baketsuan irten nahi du eta demokrazia, askatasuna eta justizia eskatzen dute", azaldu dute. Nabarmendu dute dagoeneko 481 pertsona hil dituztela (Giza eskubideen aldeko Nikaraguako elkartearen datuen arabera); 300 dira hildakoak, berriz, Nazio  batuen giza eskubideetarako goi mandatariaren bulegoaren arabera (ACNUD).

Giza eskubideen urraketak

ACNUDen txostenaren arabera giza eskubideen urraketen eta dokumentatutako abusuen artean daude: "Poliziak indarra neurriz kanpo erabiltzea, behartutako desagerpenak, atxiloketa arbitrario eta orokortuak, torturak eta tratu txarrak, bai eta iritzia askatasunez emateko eta adierazteko eta modu baketsuan biltzeko eskubideen urraketak ere".

Era berean, txostenean jaso dute "funtzionario asko euren kargutik kendu" dituztela eta Daniel Ortegaren Gobernuarekiko kritiko direnek jazarpena, larderia eta erasoak jasaten dituztela. "Gainera, autoritateek estigmatizatu egiten dituzte manifestatzaileak: terroristak, kolpistak edo izurriak direla esanez".

Egoera hori ikusita Nikaraguako gizarte zibileko mugimenduek eta erakundeek, garai bateko erreferente sandinistek, Nikaraguari elkartasunezko nazioarteko informazio karabanak eta Nikaraguako etorkinek sortutako mugimenduak egin duten deiarekin bat egiten du Debagoieneko plataformak.

Elkarretaratzea egingo dute

Plataformak egoeraren berri emateko hainbat ekintza egingo ditu datozen hilabeteetan. Horien artean, datorren egunean egingo duten kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute. 19:00etan elkartuko dira Seber Altube plazan Por los derechos humanos elkartasuna Nikaraguarekin lelopean.

Plataformak facebook orrialde bat sortu du bere ekintzen berri emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak