Arrasatek 16 urte daramatza Europako Mugikortasun Astearen baitan, mugikortasun jasangarria herritarren artean indartzen. Hala, irailaren 16ik 23ra bitartean, garraiobide garbiaren erabilera izango da ardatz eta hainbat ekintza antolatu dira.
Mugikortasun adimentsuaren informazioa
Aste osoan zehar www.arrasate.eus atarian, sareetan edota herriko enpresa zein elkarteetan mugikortasun adimentsuaren inguruko informazio kanpaina egongo da zintzilik. Hala, gai honen inguruan interesa dutenek aholku eta datu batzuk jaso ahal izango dituzte.
'Eskolara oinez' esperientzia
Aste osoan zehar eskolara oinez joateko irteera eta bideak jorratuko dira goizetan 5.mailako ikasleekin. Horrez gain, herri busa doakoa izango da, domeka honetan hasi eta irailaren 16ra bitartean.
Merkatariekin elkarlanean
Irailaren 22an Mugitu zaitez bizikletaz erakusketa egingo da, herriko merkatariekin elkarlanean antolatu dena. Erakusketa Mondragones kalean egingo da 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean eta bizikleta elektriko ezberdinak erabiltzeko aukera egongo da.
Bizikleta bira
Aurtengo edizioan ez da bizikleta bira faltako. Hala, hilaren 23an, 10:30etan hasiko da bira Seber Altube plazatik. Aurtengoa didaktikoa izango da eta Vasco-Navarro tren ibilbidea egiten duten bitartean parte-hartzaileek trenaren historia ezagutzeko aukera izango dute.
Birzikleta azoka
Hilaren 22an, Mondragones kalean eta 11:00etatik 14:00etara bitartean bizikleta azoka egingo da. Azoka horretarako aurrez batuko dira bizikletak eta materiala Udal Azokan hilaren 15, 18 eta 20an.
Merkataritza berdearen astea
Irailaren 10a eta 21a bitartean, Arrasate txartela erabiltzen duten herritarren artean 3 bizikleta eta hoveboard bat zozketatuko dira. Sariak, hilaren 21ean banatuko dira Herriko Plazan, 20:15ean. Gainera, merkatariek haurrentzako birziklapen tailerra antolatu dute Txatxilipurdik zuzenduko duena. Tailerra Herriko Plazan izango da hilaren 21ean 18:00etatik 20:00etara bitartean.