Kirol instalazioetako hobekuntzekin, "pozik"

Xabi Gorostidi 2018ko ira. 7a, 11:31

Udaldia baliatu du Udal Gobernuak herriko hiru kirol instalaziotan esku hartzeak egiteko: Mojategiko futbol zelaia berritu, Iturripeko kantxan kautxuzko zorua jarri eta Musakolako kiroldegiko barruko igerilekuan klimatizazio sistema egokitu dute.

Uztaila eta abuztua hilabete aproposak dira kirol instalazioetan esku hartzeak egiteko; kirol klubek jarduera eteten dute, eta herritarren erabilera mailak ere behera egiten du. Horren guztiorren jakitun, eta erabiltzaileen eskariak aintzat hartuz, hainbat hobekuntza-lan egin ditu Udal Gobernuak.

Mojategiko futbol zelaia

Hamaika urteren ostean, Mondra eta Leintz-Arizmendi taldeen etxea denak azalberritzeko beharra zuen, eta Udal Gobernuak 198.000 euroko inbertsioa egin du bertan belar artifizial berria jartzeko –BEZa barne–. Horrez gain, zortziko futbolerako marra gehiago jarri dituzte, eta baita ate berriak ere.

"Belar mota berezi bat jarri dugu Mondo enpresarekin elkarlanean. Erabileraren ondorioz, belar artifizialari kosta egiten zaio tente mantentzea, baina jarri dugunak tente eusteko gaitasun gehiago dauka", adierazi du Kirol zinegotzi Ander Garayk.

Zelai berrituan zehar kautxua ondo banatzea falta dela azaldu du, eta aste honetan hori lortzeko esku hartzeak egin dituztela gaineratu. Zelai berrituak hamabi eta hamahiru urte artean irautea da aurreikuspena, eta Mondo enpresak urtean behin mantentze lanak egingo ditu, lehen hamar urteetan.

Iturripe, itxuraldatuta

Erosoagoa den kautxuzko batekin aldatu dute lehengo lurzoru berdea. Horrez gain, kantxak zeukan hezetasun arazoa saihesteko, geruza berezi bat jarri dute kautxuzko lurraren azpian. Lanek 80.000 euroko kostua izan dute, eta oraindik azken ukituak falta dira marrak hobeto ikus daitezen. "Erabiltzaile diren kluben aldetik oso feedback positiboa jaso dugu", azaldu du Garayk.

Igerilekuko klimatizazioa

"Musakolako kiroldegiko barne igerilekuko klimatizazio sistema oso zaharra zen, eta parametroak justu-justu pasatzen genituen. 125.000 euroko inbertsioarekin, parametroak hobetu eta aurrezpen energetikoa lortuko dugu. Egindako hobekuntza hau kiroldegi berrian ere erabiliko litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak