Arrasateko turismoaren gaineko webgunea amaitzen ari dira dagoeneko, eta horrekin batera, BAZ gunean turismoari lotutako zerbait egon beharko litzatekeela pentsatu zuen Udalak. "Turismo Bulegoa agian gehiegi da, pertsona bat egon behar delako arreta eskaintzen. Oraingoz, turismo txoko honekin hasiko gara, eta erantzun ona izaten badu, BAZ barruan bulegotxo bat irekiko genuke, eta langile bat jarri, datozenei arreta eskaintzeko", dio Fuentesek.
Hori hala balitz, arreta eskainiko lukeen pertsona horrek formazio txiki bat jasotzea aurreikusten dute, ezagutza minimo bat izan dezan.
Txokoari dagokionez, mota guztietako folletoiak daude, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta orain arte arrakastarik handiena izan duena Euskal Autonomia Erkidegoko errepideen mapa izan da, Fuentesen esanetan. Horrez gain, Natura Bideen Mapa edota Udalatxeko igoeraren inguruko informazioa duten folletoiak ere badaude.
Abuztuaren 3an ireki zuten, eta aurrerantzean, BAZ guneak duen ordutegi bera izango du turismo txoko honek ere. Hau da, abuztuan goizez, eta irailetik aurrera goizez eta arratsaldez.