Arrasateko Ibai Arte merkatarien elkarteak ekainean abian jarritako kanpainako zozketa egin du Seber Altuben. Hala, herriko komertzioetan erosi izanari esker, hainbat herritarrek jatordu ederra irabazi dute herriko bost jatetxetan. Izan ere, 42 afari zozketatu dituzte eta irabazleek Arteagan, Hilarionen, Hotel Mondragonen, Txokon edota Santa Anan gozatu ahal izango dute bi lagunendako jatordu batekin.
Sari banaketa ekitaldian egon ez zirenekin telefonoz jarriko dira harremanetan eta irailaren 30era bitarterako epea izango dute irabazleek otorduaz disfrutatzera joateko.
Uztaileko kanpaina
Ekaineko kanpaina bukatu ostean, abian dute uztailekoa; Dragoiaren bila lehiaketa izena jarri diote.
Dragoi panpinak erakusleihoz aldatzen joango dira eta dragoia azaltzen den argazki gehien bidaltzen dituzten herritarrak sarituko dituzte; 100 euroko sei sari banatuko dituzte zehazki, irailean. Argazkiak Whatsapp bitartez bidali beharko dira zenbaki honetara: 644 72 95 97.
Momentuz, kanpainak oso harrera ona izan duela adierazi dute elkartetik, 700 argazki baino gehiago jaso dituztelako dagoeneko.
Ibai-Artekoen asmoa da, halako ekimenak egiten jarraitzea. Gainera, webgunea berritzeko asmoa ere badute eta Facebook bitartez ere zozketak egingo dituztela aurreratu dute.