Kataideko bihurgunea egokitzen dihardu Gipuzkoako Diputazioak. Hain zuzen, ekain bukaeran ekin zieten lan horiei; eta, behinik behin, abuztuaren lehen hamabostaldian bukatzeko asmoarekin dihardute. "Ohiko prozeduran, hainbat neurketa egin genituen bide zatian. Eta egokitze lanak egiteko beharra antzeman genuen", argitu du Diputazioko Bide Azpiegitura Departamentuak. Besteak beste, errepidearen egoera eta bide zatiko istripu indizea zituen erdigunean azterketak.
Horri dagokionez, Herrizaingo Sailak helarazitako datuen arabera, 2015etik 2017ko urte bukaerara bitartean, 100 istripu izan ziren Eroskiko eta Epeleko biribilguneen artean. Eta 36 zauritu eragin zituzten horiek. Bada, Diputazioak bi gunetan jarria du istripuon fokua: biribilguneetan eta Kataideko bihurgunean–gehiegizko abiadurak eragindakoak dira nagusi–.
Dena den, Errepideetako zuzendari Silvia Perezek argitu du Kataidekoaren pareko errepideetako "parametroen barruan" direla datu horiek. Eta, egokitzapen arrazoiez mintzo, errodamendu-kapa du erdigunean jarria: "Beste hainbat errepideetan bezala, ikusi genuen hori hobetu beharra genuela".
Aurreikuspenen arabera, abuztuko lehen hamabostaldian bukatuko dituzte lanak. Zehatz esanda, autoak Eroskiko eta Epeleko biribilguneetara mantsoago sar daitezen, zeharkako bandak jarriko dituzte orduan –hori eginda, bukatuta legoke obra–. Hala, orain artean egindakora batuko lirateke horiek: mikro-aglomeratu kapa bat jarri dute bihurgunean, haren itsaskortasuna areagotzeko helburuarekin. Horrek mesede egingo lioke zirkulazioari.
Bihurgunea, kezka iturri
Kataideko bihurgunea kezka iturri izan da zenbaitetan. Esaterako, aurreko urte bukaeran, Arrasateko EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietara eroan zuen egokitze eskaera, bertako istripu kopuruaz kezkatuta. Horrenbestez, koalizioko bozeramaile Eneko Barberenak neurri bateko baikortasuna azaldu du egokitzapen erabakiaz: "Behinik behin, esan daiteke positiboa dela bide zatiaren segurtasuna hobetzeko hartutako neurri oro".
Baina, "balorazio osoagoa" egiteko informazio nahikorik ez duela salatu du Barberenak: "Obra isilean eroaten ari dira. Ez dakigu ezer Kataideko bihurguneko egokitzapenez. Ez digute horren inguruko xehetasunik eskaini. Beraz, ez dakigu zein den benetako planteamendua".