Horrez gain, beste hiru konpromiso ere hartu zituen: erabiltzaileei ordaintzen duten tasa jaistea, zerbitzuaren eskaera handitzeko; zerbitzuaren lizitazio prezioa %35 igotzea, eragin positiboa izan dezan langileen ordainsarietan; eta zerbitzu berriaren esleipena gizarte ekonomiako enpresei mugatzea.
Hiru aldeko batzarra
Atzo, osoko bilkuraren egunaren biharamunean, hiru aldeko batzarra egin zuten Udal Gobernuko ordezkariek, enpresakoek eta langileek. Hiru aldeak batzen ziren lehen aldia zen eta eman zituzten aurrerapausoak.
Bajen gaia puntu garrantzitsua zen langileentzat eta enpresak ontzat eman zuen euren eskaera. Alegia, lehen egunetik %75 ordaintzea, aldi berean baja hartzen duten langileen kopurua edozein dela ere. Udalak, bere aldetik, lanorduak modu orekatuan banatzeko baldintza pleguetan sartzeko konpromisoa hartu zuen. Puntu horiek argituta, ordu publikoen eta pribatuen gaia da orain, besteak beste, konpontzeko geratzen dena.
Langileek dute azken hitza eta udal gobernuak bilera batetara deituko ditu datorren astean, atzoko bileraren nondik norakoak lehen eskutik azaltzeko. Biek egingo dute lan hitzarmena sinatzera ailegatzeko.
Uneotan, orduen %40 dago greban, eta gainontzeko %60arekin ari dira erabiltzaileen gutxieneko beharrei erantzuten, alkateak azaldutakoaren arabera. Hilaren 31n agortuko da Clece enpresarekin duten kontratua eta konponbiderik ezean zerbitzua ematen jarraitzeko bidea topatuko dutela adierazi du.