Egun guztiko Txalaparta Festa antolatu dute Ttakuneko kideek. Hala, goiz partean herritarren eskura jarri dituzte txalapartak gertutik ezagutzeko, makilak eta oholak laztantzeko eta horiek astintzeko. Askok jardun dute horretan, batez ere umeek, eta material ezberdinekin doinu ezberdinak sortzen direla frogatu dute. "Herritarrek ezagutzea oso garrantzitsua da. Ikastaroetan jende askok parte hartu izan du, batzuk gero geratu egin dira taldean eta beste batzuk ez, baina behintzat ezagutu egin dute", zioen Xabi Jimenezek, Ttakuneko kideak, eta gaineratu du: "Aurten ere egin dugu ikastaroa eta pentsa, Zaragozatik ere etorri dira ikastera".
Txalapartak eta irrintziak bat eginda
Txalaparta doinuek irrintziekin erabat ezkontzen dutela erakutsi dute gero, horiek botatzera ausartu diren sei emakumek. Dotore jardun dute guztiek, egur gaineko doinuei jarraituta. "Irrintzia barrutik ateratzen da eta txalaparta doinua ere bai, eta gaurko saiotxoa elkarrizketa bat izan da", zioen irrintzia bota duen kideetako batek.
Arratsalde partean, ostera, txalaparta emanaldiak eskaini dituzte hainbat gunetan Aramaioko, Aretxabaletako eta Zumarragako txalapartariek lagun eginda. Eta eguna borobildu dute Iruñetik etorritako Hutsun hirukotearen emanaldiarekin, Biteri plazan.