Gimnasia eta dantza saioetara joaten dira Atzegiko Arrasateko hainbat kide, Aretxabaletako etxean bizi diren beste batzuk eta Aspaceko lau bat lagun tailerreko lanak bukatu ondoren: "Tailerretik 17:20an irten eta 17:30erako gimnasiara datoz; pozik etorri ere", jakinarazi du Juan Cruz Davilak, Atzegiko kide baten aitak.
Gimnasia eskolak eta dantza saioak, baina, sanjuanekin batera bukatu zituzten, eta gaur, agurtzeko elkartu dira. "Egun benetan berezia da eurendako. Opariak gustuko dituzte eta oparitxo bana eman izan diegu beti, hortaz, gogotsu datoz", dio Davilak.
Bazkaria eta dantzaldia
Goiz partean elkartu dira guztiak, eta mokadutxo bat jan dute ondoren paseoan joateko. Handik bueltan Elma jatetxean bazkaldu dute, eta arratsaldean, dantzan egiteko tartea hartu dute: "Izugarri disfrutatzen dute", dio Davilak, eta hala berretsi du Iñaki Ganboak: "Oso gustura nabil, niri asko gustatzen zait eta parrandan ibiltzea".