Etxez etxeko langileen greba legezkoa dela ebatzi du epaileak

Iker Oñate 2018ko uzt. 3a, 17:32

Ute Clece Zaintzen enpresak epaitegira eroan zituen etxez etxeko langileak, greba "legearen aurkakoa" zelakoan. Kontrakoa ebatzi du epaileak. Hala, berdinean segitzeko asmoa berretsita, langileek udaletxe aurrean egingo dute protesta eguenean.

Bigarren greba astean sarturik dira Arrasateko etxez etxeko langileak. Eta berdinean segitzeko asmoa berretsi dute, "konponbidea lortu bitartean". Hain zuzen ere, ordu publikoak eta pribatuak berdin ordaintzea zein gaixo egoteagatik penalizaziorik ez egotea eskatzen diote enpresari. Berdinean darraite aldarriek, beraz. Hori horrela, protestak iragarri dituzte aste honetarako: auto karabana dute gaur arratsaldean, eta elkarretaratzea eguenean –udaletxe aurrean egingo dute protesta, 12:00etan–. "Herritarrei dei egiten diegu gure protestara batu daitezen", azaldu du Janire Diazek, ELA sindikatuko kideak. Gaur-gaurkoz, 26 dira etxez etxeko langileak –aldi baterako kontratua dute horiek guztiek–. 

Era berean, epaileak Clecek jarritako salaketaren harira ebatzitakoa jakinarazi dute langileek. Haren arabera, "legezkoa" da greba –ez du enpresaren salaketa babestu, beraz–. Hori horrela, berdinean segitzeko asmoa berretsi dute langileek. Hala dio 109/2018 zenbakidun epaiak: "Atzera botatzen dugu Ute Clece Zaintzen enpresak jarritako salaketa. Hark eskatutako guztian errugabetzen ditut salatuak". 

Bestetik, enpresaren eta Udalaren negoziaziorako borondate eza salatu dute etxez etxeko langileek. "Argi dago negoziatzeko borondatea agertu ordez, epaitegira jotzea nahiago duela enpresak", salatu dute. Eta, ostera, kexu dira Udalaren jarrerarekin. "Beste aldera begira dabil. Langileekin ez du inolako kontakturik izan bi aste hauetan; eta ez du babesik agertu", dio Diazek.

Hiru aldeko mahaia

Bere aldetik, hiru aldeko negoziazio mahaia iragarri du Arrasateko Udalak. Hark, langileek eta enpresak esku hartuko lukete bertan; uztailaren 11n egingo lukete, 12:00etan. Hori bai, azaldu dute Udalari ez dagokiola langileen eta enpresaren artean sinatuta dagoen hitzarmenean eragitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak